Zubikoa kiroldegiko garbiketa zerbitzuaren kontratazio mahaia ostiralean elkartuko da eskaintza ekonomikoen plikak irekitzeko.

2014/11/05
Card image cap
Memoria teknikoaren balorazioa eginda, puntuazioa atzo argitaratu zen.

  Bi dira kiroldegiko garbitze zerbitzua esleitzeko prozesura aurkeztu ziren enpresak: CLECE S.A eta Asaser &Ferrovial UTEa.

   Bakoitzak osatu zuen zerbitzuaren memoria teknikoan, makineria nahiz tresneria aldetik proposatzen dituzten baliabide teknikoak zehaztu dituzte, baita, zerbitzuaren koordinazioa bai kiroldegiarekin eta bere langileekin, kontratuaren ikuskapen eta kontrola, metodologia, kalitatea eta plangintza eta proposatutako hobekuntzak ere. Guztia neurtu eta baloratu du kontratazio mahaiak. Hala, atal honetan gehienez lortu zitezkeen 45 puntutik, CLECEk kasik 38 eskuratu ditu eta Asaser¬Ferrovial UTEak berriz, ia 35 eta erdi. Puntuazio hori, atalez atal berezituta, udaleko iragarki taulan eta web atarian ikusgai dago atzotik.

  Era berean, kontratazio mahaiak eskaintza ekonomikoen plika ostiralean irekiko duenaren jakinarazpen oharra ere publiko egin da. C kartazalen irekiera, eguerdiko ordu batetan izango da udaletxeko gobernu batzorde aretoan.

  Proposamen ekonomiko hori erabakigarria izango da kiroldegiko garbiketa zerbitzua esleitzeko orduan, beste 55 puntu eskuratzeko aukera emango baitie prozesuan diharduten bi enpresei.

  Udalak, kontratuaren lizitazio prezioa mugatu egin zuen orduko 18,10 euroko gehienezko prezioa finkatuz. Horri, BEZa erantsi beharko zaio. Baina enpresek gehienezko prezio horren pareko edo baxuagoko eskaintzak egin behar dituzte kontutan hartuak izan daitezen eta orduan eta eskaintza baxuagoa egin, puntuazio altuagoa jasoko dute. Baina hori, ostiralean zehaztuko da.

  Udalak, kiroldegiko garbitze zerbitzua bi urtetarako kontratuko du hasieran baina enpresa eta udala ados jarri ezkero beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!