Zuazola Institutuak “Hauspoa” egitasmoan parte hartuko du

2015/06/23
Ikastetxeak aurkeztutako proiektuaren kalitatea kontutan hartuz onartu du Hezkuntza Sailak Oñatiko eskaera

  HAUSPOA  barne antolamendua berriztatzeko proiektua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan garatzen da. Egitasmoak, eskola-orduak ordutegi trinkoan biltzeko aukera ematen du eta arratsaldea libre uzten du ikasleek beste jarduera batzuk egin ditzaten, ikasi edota atseden hartu. Aldi berean, ikastetxeari bidea ematen dio zentroko hezkuntza eskaintza aberastuz, arratsaldeko lehen ordutan hainbat jarduera bideratzeko: Hala nola: kirol eta kultura arloko eskolaz kanpoko ekintzak, tailerrak edota errefortzuko eskolak.

  Irailetik aurrera Zuazola institutuan eskolak goizez emango dira, 8.00tatik 14.00tara. Bazkalostean, ikastetxeko liburutegia eta informatika gela irekita egongo dira eskolako lanak eta talde lanak egin ahal izateko eta aldi berean, beharra dutenei errefortzuko eskolak eskainiko zaizkie. Irakasleek nahiz guraso elkarteak antolatutako tailerrak ere egingo dira. Arratsaldeko 15.00-16.30 ordutegi horretan, ikasketekin lotutako ekintza osagarriak ere egingo dira, eskola agenda 21eko ekintzak edo ikastetxeak lantzen dituen beste programa osagarri batzuei dagozkienak.

  Hezkuntza Sailak 2013an abiarazi zuen “Hauspoa” proiektu pilotua. Lehen esperientzia horretan Euskal Autonomia Erkidegoko 13 ikastetxek parte hartu dute. Maiatzean zehar, egitasmoa 25 ikastetxetara zabaltzeko deialdia kaleratu zen eta Oñatin, parte hartzea erabaki zen, ikastetxeko klaustroaren eta guraso elkartearen adostasunez. Proiektu propioa landu eta aurkeztu zen. Eta proiektua interesgarritzat jo du Hezkuntza Sailak, bere kalitatea azpimarratuz, 25 ikastetxe horietatik aparte Oñatiko eskaera onartzea erabaki baitu. Hauspoa egitasmoak, bi ikasturtetarako iraupena du hasiera batetan eta ondorioz, Zuazola institutuan, irailean jarriko da martxan eta 2017ko ekainera arte luzatuko da.

  Ikastetxean oso pozik hartu zuten ostiralean Hezkuntza Sailetik iritsi zitzaien jakinarazpena. Are gehiago, jakinik, eskolan landu duten proiektuaren kalitatea izan dela hezkuntza arduradunak erabaki hori hartzera bultzatu dituena.   

Iturria: Oñati Irratia

HAUSPOA egitasmoa DBHn garatuko da