Zortzigarren “mikopoteoa” egingo da larunbatean Arantzazun

2018/11/14
Jateko ez ezik, perretxikoen beste erabilera batzuei buruzko hitzaldia entzun eta miko-pintxoak dastatzeko aukera izango da

  Mikologia eta gastronomia zaleek estima handian dute udazkenenero Arantzazun antolatzen den Mikopoteo jardunaldia. Jende ugari biltzen da eta festa giroa nagusitzen da. Larunbatean ospatuko dena zortzigarren Mikopoteoa izango da. Arantzazuko Adiskideak Elkartea, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Parketxeak, bertako ostalariekin batera antolatzen dute.

  Udazken garaian perretxiko zale asko hurbiltzen dira Arantzazura onddoak eta perretxikoak biltzeko asmoz. Zale hauei eta orokorrean, interesa duen edonori zuzentzen zaie Mikopoteo jardunaldia. Larunbat arratsaldean izango da, 18:00tan, Gandiaga Topagunean.

  Javier Gomez Urrutiak, mikologo profesional eta Ultzamako Mikologia Parkeko arduraduna gonbidatu dute, beste urte batez, jardunaldiari hasiera emango dion hitzaldia ematera. Jateko ez ezik, perretxikoek dituzten beste erabilera batzuei buruz berba egingo du. Ordubete inguru iraungo duen hitzaldiaren ondoren hasiko da miko-poteoa. Arantzazuko-zirkuitoa Zelai Zabal jatetxeak, Arantzazuko Santutegia hotelak, Goiko-Bentak, Sindikak eta Milikuak osatuko dute. Mikopote bakoitzaren prezioa, 2 € izango da.

  Aisia, kultura, natura eta gastronomia uztartzen dituen ekintza hau Arantzazun urtean zehar egiten direnetan arrakasta handien duenetako bat bihurtu da. Aurtengo ekitaldian ere, mikologia gai interesgarriaren inguruan ikasiz arratsalde entretenitua pasatzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia