Oñatiko udala

Zolarri enpresari esleitu zaizkio hondakinen bilketarako esekitokiak kokatzeko lanak.

2013/02/04
Momentuz, 288 zutabe edo esekitoki jartzea aurreikusten da.

  Herritarrekin, esekitokiak non jarri eztabaidatzen ari den bitartean, lanak zein enpresak egin erabaki berri du udal gobernu taldeak. Osteguneko bileran jorratu zen gaia.

  Udalak, esekitokien kokapen eta ezaugarriak zehaztuz aurrekontuak eskatu zizkien hainbat enpresari. Hiru proposamen jaso ditu eta lanak, eskaintza merkeena egin duen Zolarriri esleitzea erabaki du.

  Herrian, hondakinen bilketarako 288 zutabe edo esekitoki kokatzea aurreikusten da. Dagoen beharraren arabera, zutabe bakoitzak hainbat kubo zintzilikatzeko lekua izango du. Alde bakoitzean launa kubo jartzeko aukera izango da baina badira, bi-hiru- lau edo bost aldeko esekitokiak. Zolarrik, esekitoki bakoitza 42,40 eurotan jartzea proposatu du. Lanek BEZa barne dela ia 15 mila euroko aurrekontua izango dute.

  Lanak, aste gutxi barru hastea espero da. Udalak, esekitokientzat proposatu zituen behin-behineko kokapenak zehaztu bezain pronto. Alde horretatik aipatu behar da, atarietako arduradunekin gaur hastekoa zen bileren bigarren erronda, atzeratu egin dela.

  Udalak, herritarren ekarpen ugari jaso ditu. Guztiak behar bezala aztertzeko hasieran aurreikustakoa baino denbora gehiago beharko da. Eta ondorioz, aste honetan, gaur- bihar eta etzi, egin asmo ziren bilerak atzeratzea erabaki da.  Atez atekoaren inguruko bigarren faseko batzar hauek noiz egingo diren aurrerago jakinaraziko dela azaldu du udal gobernu taldeak.

  Era berean, parte hartze faseko lehen bilera errondari dagozkion datuak eman ditu. Atez atekoaren ezarpenerako 16 bileretan, ia 1.400 herritarrek hartu dute parte. Hala, atarien %87 ordezkatu da.
Pasa den astean, aldi berean egin ziren auzokonpostari buruzko bilera informatiboeten bestalde, 415 herritarrek parte hartu zuten.

  Datu hauek eskutan, jaso diren ekarpen ugariak eta bileretan izan den eztabaida giroa kontutan hartuta Udal gobernu taldeak oso positiboki baloratzen du orain arteko parte hartze prozesua.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!