Zine klub emanaldi berezia izango da ostegunean.

2014/09/22
“A la medianoche” Momentos con Javier Arzuaga dokumentala pantailaratuko da. Denboraldia dena den, jaixen ondoren, urriaren 9an hasiko da.

  A la medianoche” Javier Arzuaga oñatiarrak idatzi zuen izen bereko liburuan oinarrituta dago. Kubako iraultzaren lehen hilabeteetan, Habanako La Cabaña kuartel militarrean heriotza zigorra jaso zutenekin izandako harremana kontatzen du. Hiltzera zihoazen gizonei laguntza ematen zien Arzuagak eta zeregin horretan 55 fusilamentuaren lekuko izan zen. “Che” Guevara zen “La Cabañako” arduraduna eta harekin ere harremana izan zuen oñatiarrak.

  Angel Gonzalez Katarainek zuzendu duen dokumentala Oñatin estreinatuko da zuzendaria bera zine aretoan dagoelarik. Zine klubeko arduradunak, Javier Arzuaga ere ekartzen saiatzen ari dira.

  Dokumentalak 50 minutuko iraupena du eta asmoa, emanaldiaren ondoren, zuzendariarekin solasaldia egitea da. Saio berezia izango da zine klub denboraldia hasi aurretik eskainiko den hau. Sarrera doan izango da eta ohikoa denez, ostegunean, arratsaldeko 8etan hasiko da.

 

  Baina zine klubeko 2014-2015 denboraldia, jaixen ondoren, urriaren 9an abiatuko da. “Sobran las palabras” filma estatubatuarrak ekingo dio denboraldi berriari. Protagonistaren papera jokatzen duen Julia Louis Dreyfusek, filman egindako lanagatik, aktore hoberenaren sarietarako izendapena jaso zuen urrezko globo eta independent spirit awards sarietan.

  Hurrengo asteetan berriz, azken orduko aldaketarik ez badago, MADRE E HIJO, UNA VIDA SENCILLA, OMAR eta DOS VIDAS filmak ikusi ahal izango dira. Hortik aurrera, eta apirilera arte, ostegunetako zine klub emanaldietan karteldegi komentzialetatik kanpo geratzen diren titulu interesgarriak eskainiko dira.

  Aipagarria da, dagoeneko iragartzen diren filmetako batzuk sari esanguratsuak lortu dituztela: Urriaren 16an pantailaratuko den “Madre e hijo” filmak esaterako, Urrezko Hartza jaso zuen Berlingo zinemaldian, eta bi aste beranduago pantailaratuko den OMAR-ek berriz, epaimahairen saria lortu zuen Cannesko zinemaldian.

  Horixe baita zine klubeko arduradunen asmoa, goi mailako kalitatea duten filmak eskaintzea. Hauetako askok zinemaldietan sariak edo aipamenak jasotzen dituzte eta zinema komertzialaren zirkuituan leku gutxi duten arren, filma esanguratsuak izaten dira.

  Baina denboraldi berria hasi aurretik gogoratu  ostegun honetan zine klub emanaldi berezia izango dugula eta A LA MEDIANOCHE dokumentala ikusi ahal izango dugula kultur etxean.

Iturria: Oñati irratia

Irudia: J. Arzuagaren liburua