Zazpigarren “mikopoteoa” egingo da larunbatean Arantzazun

2017/11/07
Tricholoma generoko perretxikuak bereizteari buruzko hitzaldia entzun eta miko-pintxoak dastatzeko aukera izango da

  Mikologia eta gastronomia zaleek estima handian dute udazkenenero Arantzazun antolatzen den Mikopoteo jardunaldia. Jende ugari biltzen da eta festa giroa nagusitzen da. Larunbatean ospatuko dena zazpigarren Mikopoteoa izango da. Arantzazuko Adiskideak Elkartea, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Parketxeak, bertako ostalariekin batera antolatzen dute.

  Udazken garaian perretxiko zale asko hurbiltzen dira Arantzazura onddoak eta perretxikoak biltzeko asmoz. Zale hauei eta orokorrean, interesa duen edonori zuzentzen zaie Mikopoteo jardunaldia. Larunbat arratsaldean izango da, 18:00tan, Gandiaga Topagunean.

  Javier Gomez Urrutiak, mikologo profesional eta Ultzamako Mikologia Parkeko arduradunak emango duen hitzaldiaz hasiko da ekitaldia. Perretxikoak ezberdintzeari buruzko argibideak emango ditu eta bereziki Tricholoma generoaz arituko da. Amaitzean, Arantzazuko jatetxeetako sukaldariek ekitaldi honetarako sortu dituzten miko-pintxoak aurkeztuko dituzte, prestaketari buruzko hainbat xehetasun emanez. Aurkezpenak bukatuta, 19:00ak aldera jatetxeek ateak irekiko dituzte perretxikoez egindako gutiziak dastatu ahal izateko. Arantzazuko-zirkuitoa Zelai Zabal jatetxeak, Arantzazuko santutegia hotelak, Goiko-Bentak, Sindikak eta Milikuak osatuko dute. Mikopote bakoitzaren prezioa, 2 € izango da.

  Aisia, kultura, natura eta gastronomia uztartzen dituen ekintza hau Arantzazun urtean zehar egiten direnetan arrakastatsuenetakoa  bihurtu da. Aurtengo ekitaldian ere, mikologia gai interesgarriaren inguruan ikasiz arratsalde entretenitua pasatzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia