Zazpi oñatiarrek parte hartuko dute Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko Txapelketan

2017/02/13
Card image cap
Bertso paperen eta saio didaktikoetako bat Oñatin izango da, martxoaren 3an

  Azpeitian abiatuko zen ostiral arratsaldean Gipuzkoako 37. Eskolarteko Txapelketa, idatzizko sariketa eta saio didaktikoarekin. Bat-bateko lehenengo saioak berriz, ostiral honetan hasiko dira Legazpin. Izan ere, azken urteotako bideari jarraituz, Eskolartekoaren barruan hiru ekimen biltzen baitira: idatzizko sariketa eta saio didaktikoak eta bat-bateko txapelketa.
Oñatiri dagokionean, gogoan hartu beharreko data martxoaren 3a da. Egun horretan, idatzizko sariketa Txantxiku ikastolan egingo da, arratsaldeko lehenengo orduan, eta ondoren, saio didaktikoa Santa Ana aretoan. Eguna borobiltzeko, eta bertso afari giroan, bat-bateko txapelketako hirugarren kanporaketa Larrain Gain elkartean jokatuko da. 15-18 urte bitarteko sei bertsolari lehiatuko dira, tartean, Aitor Tatiegi oñatiarra. Baina ez da Gipuzkoako Eskolartekoan  arituko den herritar bakarra, finala aurretik jokatuko diren bost kanporaketetan, oñatiar bat edo bina egongo baitira parte hartzen. Legazpiko Muruazpi elkartean ostiralean jokatuko den lehen kanporaketan, Urko Arregik eta Bittor Zubiagirrek kantatuko dute; otsailaren 24an Lasarteko Arrieskalleta elkartean berriz, Haritz Olaetak eta Aritz Irigoienek; martxoaren 10ean Altzoko Elordi elkartean, Xabier Agirrek eta martxoaren 17an Orioko Balea Elkartean, azkenik, Gontzal Belategik.

  Aipagarria da, bat-bateko txapelketa honetan, aurten 33 bertsolari gaztek hartuko duela parte eta horietatik 7 oñatiarrak direla. Guztietatik puntuaziorik altuena lortzen duten zortziak sailkatuko dira apirilaren 2an Azpeitian jokatuko den finalerako.

  2014an,  Maider Arregi oñatiarra izan zen Gipuzkoa eta Euskal Herriko eskolarteko txapelduna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!