Zamalan orduetan kalera sartzeko txartelak eta bertakoentzako aparkatzeko txartelak gaurdanik eskatu behar dira

2016/11/14
Card image cap
Kale Barria, Atzeko Kale eta Kale Zaharreko bizilagunek, zamalan orduetan bertara autoz sartzeko txartela beharko dute

  Baimena, Trafiko Zuzendaritza Nagusian aipatu kaleetako helbidean erregistratuta dauden ibilgailuei bakarrik emango zaie. Horregatik, eskaera egiterakoan, baimendu nahi den autoaren matrikula eraman behar da. Hasieran, etxebizitza bakoitzeko txartel bakarra ematea aurre ikusi bazen ere, baldintza aldatuta, etxebizitza bakoitzean helbideratuta dauden ibilgailu bakoitzeko txartela ematea erabaki da goizean zehar. Horregatik, goizean zehar udaletxera joan eta etxeko txartel bana emango zitzaiela esan zaien auzotarrek beste ibilgailuren bat baimentzeko aukera dute hartarako eskaera berria eginda.

  Kale Barria, Atzeko Kale eta Kale Zaharreko bizilagunei banatuko zaizkien txartelok baimendutako autoaren matrikula izango dute. Txartelak leku agerian jarriaz ibilgailua etxe atariraino sartu ahal izango dute, astelehenetik larunbatera 8:00etatik 12:00etara, beti ere, zamaketa lanak egiteko 30 minutuko tartea izango dutelarik. Txartel hauek doan banatuko dira.

  Bertakoentzako aparkatzeko txartela nahi duten bizilagunek berriz, 50 euro ordaindu beharko dituzte urteko tasa kontzeptuan. Halakorik nahi duenak ere, eskaera gaurdanik egin behar du. Kasu honetan ordea, eskaera egin dezaketenak eremu zabalagoko bizilagunak dira. Errotazioko aparkatze sistema indarrean jartzen denean, bertakoentzako aparkaguneak gordeko dira Bidebarrieta kalean eta Aita Mortara eta Aita Madina kaleetan. Guztira, inguruko kaleetan bizi direnentzat 28 eta 33 aparkaleku gordeko dira, hurrenez hurren. Baina autoa denbora mugarik gabe bertan aparkatu ahal izateko bertakoen txartela eskuratu beharko da. Kasu honetan ere, ibilgailua eta jabea, hartarako zehaztu den udal ordenantzan aipatzen diren inguruko kaleren batean erroldatuta egon behar dira. Eskaera egiterakoan, kontu korronte zenbakia eraman beharko da txartela eskuratzeko ordaindu behar diren 50 euroak kobratu ahal izateko.  

  Zamalan orduetan kalera sartzeko edota bertakoentzako aparkatze txartelak eskatzeko epea gaur ireki da eta hilaren 28ra arte luzatuko da. Gero, eskaera guztiak aztertuko dira eta baldintzak beteta, onartu direnen zerrenda argitaratuko da, txartelak egiten hastearekin batera. Txartelak, abenduaren lehen 15 egunetan banatu asmo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!