Zaldibarko istripu-lekuan izan ziren Oñatiko kamioiek eta suhiltzaileen arropek negatibo eman dute analitiketan

2020/02/14
Ez daude amiantoz kutsatuta

  Zubillagako parkean ohiko protokoloa jarraitu zela adierazi digu bertako arduradunetako batek, alegia, kamioiak xaboi-urez eta aspiradoraz garbitu zirela, edozein irteeraren ondoren egiten duten bezala. Suhiltzaileen arropak ere garbitzera bidali ziren baina aurrez, analisietarako laginak hartuta. Suhiltzaileek erabilitako eskuko materialaren laginak ere hartu ziren. Emaitzak negatiboak izan dira kasu guztietan, eta halaxe jakinarazi zaie arduradunei eta langileei beraiei.

  Zubillagako parkeko sei suhiltzaile izan ziren, bi kamioitan, Zaldibarko istripu lekura lurjausia gertatu eta berehala joan zirenak. Bizkaiko suhiltzaileek lanaren ardura guztiz hartu bitartean, inguruetako parkeetakoak hurbildu ziren Gipuzkoatik, hau da, Eibarko eta Oñatiko suhiltzaileak. Oñatikoek, lauzpabost ordu egin zituzten Zaldibarren laguntzen, ostegunean.

  Zaldibarko lurjausia gertatu eta ordutara jakin zen zabortegian amiantoa gordetzen zela eta jausitako lurra kutsatuta zegoela. LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan salatu zuenez, Zaldibarko istripuan laguntzen egon ziren Gipuzkoako suhiltzaileen kamioiak ez ziren behar bezala garbitu eta berehalako arrisku larrian jar zitekeen hauek erabiltzen zituzten suhiltzaileen osasuna. Analitikek negatiboa eman dute, hau da, Oñatitik joandako kamioiak eta suhiltzaileen arropak garbi zeudeb, kutsatu gabe zeuden.

Iturria: Oñati Irratia