Zaldibarko hondakinak ezin dira Epelera ekarri

2020/02/21
Card image cap
Debagoienako mankomunitateak ez du Aldundiaren edo Jaurlaritzaren eskaera ofizialik jaso oraindik

  Zaldibarko istripuaren ondoren Epeleri buruzko prentsa-oharra argitaratu zuen atzo Mankomunitateko lehendakari Maite Antonek, Epeleko hondakindegia alternatiba izan zitekeela eta egin diren adierazpenei erantzunez.

  Epeleko hondakindegia 2018tik itxita dagoela gogorarazten du Antonek idatzian. Eta itxi bitartean, Debagoieneko eraikuntza eta industriako hondakin ez arriskutsuak jaso zituela, hartarako propio sortu baitzen. Beraz, ez dago hondakin arriskutsuak jasotzeko prestatuta, eta ondorioz, ezin dira Zaldibarko hondakinak bertara ekarri.

  Debagoieneko Mankomunitatean Epele berriro irekitzeari buruz eskaera ofizialik ez dela jaso zehazten da oharrean, ez Gipuzkoako Aldundiaren aldetik, ezta Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere. Baina proposamenen bat iristen bada Mankomunitatean aztertuko dela argitzen da. 

  Zaldibarko ezbeharrak hondakinen kudeaketak publikoa, gardena eta kontrol eta segurtasun neurri zorrotzekoa izan behar duela azpimarratzen du Maite Antonek, Mankomunitateko presidente moduan, kaleratu duen idatziak. Epeleko hondakindegia martxan egon den denboran hala egin dela aipatzen du gainera.

  Epeleko zabortegia 1993an ireki eta 2018an itxi zen, geroz eta hondakin gutxiago eramaten zirelako eta zabortegia ez zelako ekonomikoki bideragarria. Epelen, Debagoieneko eraikuntza eta industriako hondakin ez arriskutsuak biltzen ziren eta Jaurlaritzak baimendu zituen bost zeldetako bi bakarrik bete ziren. Berriro ireki ahal izateko hainbat egokitze lan egin beharko lirateke aurretik: bigarren zelda zigilatu eta ustiatuko litzatekeen hirugarrena inpermeabilizatu, besteak beste.   


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!