Zabalik dago Oñatiko udala Grant beka eskatzeko epea

2019/01/09
Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten ikerketa proiektuak sustatu nahi dira

  Oñatiko Udala Grant izeneko beka berria babesten duen lankidetza hitzarmena 2016ko uztailean sinatu zuten Udalak eta Lege Soziologia Institutuak. Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten gizarte zientzien eta zuzenbidearen alorreko ikerketa proiektuak sustatzea da helburua.

  Azken Gobernu batzarrean  onartu ziren Oñatiko Udala Grant 2019 beka deialdiaren oinarriak. Tokiko autogobernuaren, hiritartasun aktiboaren edota naziogintzaren alderdi sozio-juridikoak aztergai dituzten ikerketa proiektuak aurkeztu daitezke. Doktoretza azterlanak ere proposatu daitezke, beti ere, aipatu hiru gaietakoren batekin lortura badauka. Oñati Udala beka 4000 eurokoa da. Eskatzaileak Oñatiko Lege Soziologia Masterreko ikasle izandakoak edo une honetan direnak izan daitezke, edota Lege Soziologia Institutuarekin harreman estua duten ikerlariak. Hala, beka eskuratzeko, proiektua garatu eta aurkezterakoan Oñatin bizitzen egotea eskatzen da.

  Beka eskatzerakoan, ikerketa proiektuari buruzko xehetasunak jasotzen dituen 2-5 orri arteko plana aurkeztu behar da, laburpena, bibliografia, hautagaien curriculuma eta behin behineko aurrekontu eta kronogramarekin batera. Eskaerak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 31a izango da. Eskaera, Lege Soziologia Institutuaren web atariko formularioa beteaz egin behar da. Erabakia, otsailean zehar hartu eta jakinaraziko da eta lanak, irailaren 7rako bidali beharko da Lege Soziologia Institutura. Ikerketa amaitutzat emateko, zientzia artikulu bat prestatu beharko da gutxienez, eta institutuak izango du egindako ikerketa argitaratzeko lehentasuna.

  2017an eta 2018an bina ikerlariren artean banatu zen Grant beka. Lehen urtean, pakistandar inmigrazioari buruzko lana eta Oñatiko hirigintza politikari buruzkoa osatu ziren eta iaz berriz, 65 urteko emakumeak: Oñatiko emakume erretiratuek herriko identitateari, kulturari, gizarteari eta ekonomiari egindako ekarpena izeneko lana eta Oñatiko gazteak gatazka armatuaren aurrean: gatazka ondoko lehen belaunaldiaren diskurtsoen azterketa deritzona osatu ziren. Oñatiko udala Grant beka aurtengoa nor edo nortzuei emango zaien otsailean jakinaraziko da.

Iturria: Oñati Irratia

2018ko Grant bekaren irabazleak lanen aurkezpen egunean