Zabalik dago HAZILAN proiektuaren 9. edizioan izena emateko epea

2020/10/06
Langile kualifikatuak eta enpresak elkarrekin harremanetan jartzen dituen Mankomunitatearen egitasmoa da HAZILAN

  Proiektuaren 9. edizioa urriaren 19an hasiko da. Izena emateko epea urriaren 9ra arte zabalik egongo da eta eskabide orriak Mankomunitateko web atariaren bidez edota Arrasateko egoitzatik pasata eskuragarri daude. HAZILAN proiektua unibertsitate ikasketak edo goi mailako heziketa zikloa duten, baina ikasketa esparru horretan lan esperientzia oso txikia edo batere ez duten, 20 eta 44 urte bitarteko debagoiendarrei zuzenduta dago. Helburua, kualifikatutako pertsona hauen laneratzea erraztea da, beti ere, formatutako esparru horiekin harremana duten enpresa eta proiektutan.

  Programak bi fase ditu: zeharkako konpetentzietan prestakuntza eta praktikak eskualdeko enpresetan. Konpetentzia pertsonal eta profesionaletan trebatzeko tailerra azaroaren amaierara arte burutuko da, modu presentzialean, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta. Ondoren, eskualdeko enpresetan praktikak egiten dituzte, lan merkatura hurbildu eta lan esperientzia hartzeko helburuz.

  Enpresek gazte kualifikatu horien potentzialtasuna ezagutzeko eta proiektu berriak garatzeko aukera paregabea dute. Eskaintza beraz, norabide bikoitzean doa, batetik, debagoiendar kualifikatuak topatu nahi dira eta aldi berean, hauek praktiketan hartu nahi dituzten enpresa eta erakundeak.Alde horretatik dei berezia egon nahi zaie enpresei praktika eskaerak egin ditzaten. Horretarako epea azaro amaierara arte zabalik izango da. Orain arte hainbat jardueratako 60 enpresa baino gehiagok baliatu dute kualifikatutako pertsonak paktiketan hartzeko aukera.

  HAZILAN proiektua sakonago ezagutu edota parte hartzeko interesa daukatenei zuzenduta, informazio saioa egingo da bihar Arrasaten, Mankomunitatearen egoitzan, 10:00tan. Aurrez izena ematea eskatzen da honako telefonora deituta: 943 793 090.

  HAZILAN egitasmoa, Debagoieneko 20-44 urte bitarteko kualifikatuei zuzenduta dago, goi-mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta izan baina ikasketa horiekin lotutako esperientzia esanguratsurik ez dutenei zuzenduta dago. Langabezian egotea ez da ezinbesteko baldintza izango, lana eta HAZILAN programan parte hartzea bateratu bait daitezke.

  HAZILAN proiektuak Europako Gizarte Funtsaren finantzazioa du.
 
Iturria: Oñati Irratia