Zabalik dago HAZILAN proiektuaren 8. edizioan izena emateko epea

2020/01/23
Langile kualifikatuak eta enpresak elkarrekin harremanetan jartzen dituen Mankomunitatearen egitasmoa da HAZILAN

  Proiektuaren 8. edizioa otsailaren 21ean hasiko da. Izena emateko epea otsailaren 17ra arte zabalik egongo da eta eskabide orriak Mankomunitateko web atariaren bidez edota Arrasateko egoitzatik pasata eskuragarri daude jada. HAZILAN proiektua unibertsitate ikasketak edo goi mailako heziketa zikloa duten, baina ikasketa esparru horretan lan esperientzia oso txikia edo batere ez duten, 20 eta 44 urte bitarteko debagoiendarrei zuzenduta dago. Helburua, kualifikatutako pertsona hauen laneratzea erraztea da, beti ere, formatutako esparru horiekin harremana duten enpresa eta proiektutan.

  Programa bi fasetan gauzatzen da: lehenean, parte-hartzaileek 80 orduko prestakuntza jasotzen dute konpetentzia pertsonalak, profesionalak eta lan-merkatuan kokatzeko beharrezkoak diren baliabideak landuz; bigarren fasean, praktikak egiten dituzte eskualdeko enpresetan.

  Enpresek gazte kualifikatu horien potentzialtasuna ezagutzeko eta proiektu berriak garatzeko aukera paregabea dute. Eskaintza beraz, norabide bikoitzean doa, batetik, debagoiendar kualifikatuak topatu nahi dira eta aldi berean, hauek praktiketan hartu nahi dituzten enpresa eta erakundeak.

  HAZILAN proiektua sakonago ezagutu edota parte hartzeko interesa daukatenei zuzenduta, aurkezpen ekitaldia egingo da datorren astean, Arrasaten. Ostiralean, urtarrilaren 31an izango da, 10:00etan, Mankomunitatearen egoitzan, Arrasateko Nafarroa etorbideko 17an. Aurrez izena ematea eskatzen da honako telefonora deituta: 943 793 090.

  HAZILAN egitasmoa, Debagoieneko 20-44 urte bitarteko kualifikatuei zuzenduta dago, goi-mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta izan baina ikasketa horiekin lotutako esperientzia esanguratsurik ez dutenei zuzenduta dago. Langabezian egotea ez da ezinbesteko baldintza izango, lana eta HAZILAN programan parte hartzea bateratu bait daitezke.

  HAZILAN proiektuak Europako Gizarte Funtsaren finantzazioa du.

  2016an proiektu berezi hau martxan jarri zenetik, 85 pertsonek parte hartu dute; % 70ak praktikak egin dituzte eta horietatik %67ak lana aurkitu du. Erdia baino gehiago, praktikak egindako enpresan bertan geratzen da. Irailean hasitako azken edizioan 20 pertsona ari dira parte hartzen. Horietatik 11 praktiketan daude eta beste bi laster hasiko dira. Beste lauk berriz, lana aurkitu dute, praktikak egin gabe.

Iturria: Oñati Irratia