Zabalik dago HAZILAN proiektuaren 10. edizioan izena emateko epea

2021/01/15
Gazte kualifikatuen laneratzea erraztea helburu duen Mankomunitatearen egitasmoa da HAZILAN

  Proiektuaren 10. edizioa urtarrilaren 28an hasiko da. Izena emateko epea hilaren 21era arte zabalik egongo da eta eskabide orriak Debagoienako Mankomunitateko web atariaren bidez edota Arrasateko egoitzatik pasata eskuragarri daude. HAZILAN proiektua unibertsitate ikasketak edo goi mailako heziketa zikloa duten, baina ikasketa esparru horretan lan esperientzia txikia edo batere ez duten, 20 eta 44 urte bitarteko debagoiendarrei zuzenduta dago. Helburua, kualifikatutako pertsona hauen laneratzea erraztea da, beti ere, formatutako esparru horiekin harremana duten enpresa eta proiektutan.

  Programak bi fase ditu: zeharkako konpetentzietan prestakuntza eta praktikak eskualdeko enpresetan. Konpetentzia pertsonal eta profesionaletan trebatzeko tailerra martxoaren 9ra arte burutuko da, modu presentzialean, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta. Ondoren, eskualdeko enpresetan praktikak egiten dituzte, lan merkatura hurbildu eta lan esperientzia hartzeko helburuz.

  Enpresek gazte kualifikatu horien potentzialtasuna ezagutzeko eta proiektu berriak garatzeko aukera paregabea dute. Eskaintza beraz, norabide bikoitzean doa, batetik, debagoiendar kualifikatuak topatu nahi dira eta aldi berean, hauek praktiketan hartu nahi dituzten enpresa eta erakundeak. Alde horretatik dei berezia egin nahi zaie enpresei praktika eskaerak egin ditzaten. Orain arte hainbat jardueratako 60 enpresa baino gehiagok baliatu dute kualifikatutako pertsonak praktiketan hartzeko aukera.

  HAZILAN proiektua ezagutu eta zalantzak argitzeko online bidezko aurkezpena egingo da astelehenean, hilaren 18an, 10:00tan. Informazio saioan parte hartzeko aurrez izena eman behar da honako telefonora deituta: 943 793 090.

  HAZILAN egitasmoa, Debagoieneko 20-44 urte bitarteko kualifikatuei zuzenduta dago, goi-mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta izan baina ikasketa horiekin lotutako esperientzia esanguratsurik ez dutenei zuzenduta dago. Langabezian egotea ez da ezinbesteko baldintza izango, baina lehentasuna bai, langabeek izango dute. HAZILAN proiektua Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak % 50ean finantzatzen du.

Iturria: Oñati Irratia

Hazilan egitasmoko talde saio bat