Zabalik dago garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udal dirulaguntzak eskatzeko epea

2021/03/16
Lankidetza proiektuak garatzeko eskaerak martxoaren 29rako aurkeztu behar dira

  Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzek hiru laguntza lerro biltzen dituzte. Bakoitzak diru partida jakin bat eta eskaerak egiteko epe berezi bat du.

  Garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatzeko laguntzetara 110.000 euro bideratuko ditu aurten udalak. Nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzak emateko prozedura 2016an berritu zen, hiru aldaketa nagusi egin zirelarik: eskatzailearen egoitza nagusia edo legalki osatutako ordezkaritza Oñatin egon behar da; eskatzailea irabazi asmorik gabeko izaera juridikodun erakundea izan behar da eta eskaerak, hartarako gertatu diren inprimaki ofizialak erabiliz aurkeztu beharko dira. Hiru aldaketa hauen helburua udalak ematen dituen dirulaguntzen jarraipen zuzenagoa egitea da. Eskaera egiten duten erakundeek gainera, lankidetza alorrean eskarmentua badutela egiaztatu behar dute, azken hiru urteetan egindako jardueren memoria aurkeztuta. Tokian tokiko bestaldeko erakunde edo kidea izatea ere eskatzen da, hau da, proiektua gauzatzen den herrialdean koparte erakunde bat izatea. Eskaerak, udalak hartarako prestatu dituen inprimaki ofizialak beteaz aurkeztu behar dira martxoaren 29a bitartean Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako 22 egitasmo aurkeztu ziren iaz eta guztiak diruz babestea erabaki zuen udalak.

  Garapenerako sentsibilizazio edota hezkuntza jarduerak herrian egiteko dirulaguntzak ere eskatu daitezke jada, baina epea, kasu honetan, luzeagoa da, abuztuaren 31ra arte. Garapen bidean diren herrialdeekiko eta hango herritarrekiko elkartasuna eta kontzientzia Oñatin sustatzea da dirulaguntza lerro honen helburua. Dirulaguntza hauetarako 3.000 euroko partida gorde da.

  Azkenik, larrialdiko edota laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko dirulaguntzetara 12.000 euro bideratuko dira. Ez usteko larrialdiak noiznahi gertatu daitezkeenez, eskaerak egiteko epea zabalik izango da azaroren 30a arte. Larrialdirako laguntzez ari garelarik zera ulertu behar dugu, hondamendi batek eragindako pertsonen biziraupena bermatu edota hauen sufrimendua arintzeko premiazko eta berehala burutu beharreko egitasmoetara bideratutako laguntzak.

Iturria: Oñati Irratia

Eskola materiala Udalaren diru laguntzaz bidali zuen iaz Hermansoloñak