Oñatiko udala

Zabalik dago “Geuretik Sortuak” sorkuntza beka eskatzeko epea

2021/01/19
Card image cap
Zinegile, antzerki konpainia eta idazleei zuzendutako deialdian parte hartzeko eskaerak otsailaren 5era bitarte aurkeztu behar dira

  Udalbiltzak zabaldu du Geuretik sortuak beka deialdia. Artista hautatuek, euren bizilekua ez den herri batean 3 astera bitarteko egonaldia egingo dute, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten inguruan, euskarazko sormen lan bat garatu ahal izateko.

  Geuretik Sortuak sorkuntza beka zinemagintza, literatura eta antzerkigintzan aritzen diren euskal artistei zuzenduta dago. Artistek garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen irekia aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentu bat ere. Herri bakoitzari hoberen dagokion artista eta proposamena esleituko baitzaio, behin deialdia amaituta. 20-25 herrik bat egin dute ekimenarekin, tartean Oñatik, baina ez da herrien zerrenda gaurkoturik kaleratuko eta artistei edonora egokitu daitekeen egitasmo irekia aurkeztea eskatuko zaie, esan bezala.

  10-15 eleberri motzen eta 3-5 antzezlanen eta film laburren sormen prozesuak finantzatu asmo dira, baina ikusiko da proiektuak aurkezteko epe barruan nolako lanak jasotzen diren. Sortuko den lanaren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa izango da: idazketa lanetarako 2.500 euro, antzerki sorkuntzarako 15.000 eurora arte eta film laburrak ekoizteko 30.000 eurora arte. Egonaldia ez ezik garraio eta dietak ere ordainduko dira. Eta bekaren bigarren fasean, egindako lanen aurkezpen emanaldiak ere ordainduko dira. 

  Sormen lanak amaitu eta entregatzeko epea ezberdina da kultur arloaren arabera; idazlanen kasuan, 2021eko irailaren 17a; film laburraren kasuan, 2021eko azaroaren 26a; eta antzezlanaren kasuan, 2022ko urtarrilaren 28a izango da epemuga.

  2021. urteko udaberrian bigarren deialdi bat irekiko da sortu diren lanen zabalkunderako; bigarren deialdi horretan aukeratuko dira ipuin guztiak bilduma batean argitaratuko dituen argitaletxea; antzezlanak mugitu eta egokituko dituen teknikoa; eta film labur guztiak film luze batean muntatu eta ekoitziko dituen muntatzailea. Obren aurkezpen emanaldiak proiektuan parte hartzen duten herri guztietan programatuko dira, beraz, Oñatin ere izango dugu egindako lanak lehen eskutik ezagutzeko aukera.

  Geuretik sortuak beka deialdian parte hartzeko www.udalbiltza.eus atarian zintzilikatu den izen-ematea orria bete eta dagokion dokumentazioa aurkeztu behar da. Horretarako azken eguna otsailaren 5a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!