XIII. erakusleiho lehiaketarako oinarriak aztergai izango dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2020/11/12
Bidebarri laneratze enpresaren dirulaguntza eskaera ere azalduko da

  Azaroa aurrera doan honetan Udalak Gabonen bueltan antolatu ohi duen Erakusleiho lehiaketa aztergai izango da arratsaldeko bilkuran. Aurtengoa hamahirugarrena izango da eta horretarako oinarri eta sariak onartuko dira  arratsaldean.

  Herriko dendari eta zerbitzu negozio guztiak gonbidatzen dira erakusleiho lehiaketan parte hartzera, urtero. Erakusleihoetan, denda-zerbitzuaren ohiko produktuak jarri behar izaten dira eta lehiaketa abenduan denez, Gabonak, negua, hotza gogorarazten duten elementuak ere ohikoak izaten dira, nahiz eta oinarrietan ez den hala zehazten. Parte hartzeko oinarriak, izen-emate eta erakusleihoak apainduta mantentzeko epeak eta sariak dira, besteak beste, gobernu taldeko kideei arratsaldean aurkeztuko zaizkienak. Arloko profesionalez osatutako epaimahaiaz gain, Herritarren saria ere eman ohi da erakusleiho lehiaketa honetan, eta azken orduko aldaketarik ez badago, herritarren parte hartze hori ere komentatuko da gaurko tokiko gobernu batzarrean. XIII. Erakusleiho lehiaketaren oinarriak onartuta, herriko merkatariei jakinaraziko zaizkie ideiak zehazten joan daitezen.

  Bidebarri laneratze enpresaren dirulaguntza eskaera ere aztergai izango da gobernu taldearen gaurko bileran. Eta Olaburu zentroko lokal bat erabili ahal izateko egin den eskaera ere aztertuko da. Tokiko Gobernu Batzarra 15:45tan hasiko da gaur.

Iturria: Oñati Irratia