XIII. erakusleiho lehiaketan parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali dira

2020/11/13
1.500€ banatuko dira saritan eta 200€ zozkatuko dira Herritarren sarirako bozkatzen dutenen artean

  Oinarriak pitin bat aldatu behar izan dituzte Covid-19ak sortutako egoerara egokitzeko. Izen-ematea internet bidez egin beharko dute merkatariek, eskuratu zaien QR kodea erabilita, Herritarren saria aukeratzeko bozka ere telematikoki bakarrik eman ahal izango da aurten eta sari banaketa ekitaldia noiz eta nola egingo den gerora zehaztuko da, unean uneko prebentzio neurrien arabera erabakiko baita.

  Atzoko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu ziren XIII. Erakusleiho lehiaketari dagozkion oinarriak eta gaur bertan bidali zaizkie merkatariei gonbidapen gutunak,  parte hartzeko baldintzak jakinaraziz. Parte hartu nahi duten dendariek azaroaren 30a arteko epea dute izena emateko. Gutunean QR kode bat txertatu da eta hori eskaneatu eta bete beharko dute izena emateko. Behin izena emanda, erakusleihoak, abenduaren 7rako apainduta, muntatuta egon beharko dira, eta halaxe mantendu, gutxienez, abenduaren 31ra arte. Erakusleihoetan, noski, denda edo zerbitzuaren ohiko produktuak jarri beharko dira.

  Erakusleihoen balorazioa egiterakoan, konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna bereziki kontutan hartuko ditu epai-mahaiak. Aditu talde horrek hiru sari banatuko ditu, 500, 300 eta 200 eurokoak, hurrenez hurren. Herritarren saria ere izango da eta oñatiarren boto gehien biltzen dituen dendak 500 euro eskuratuko ditu. Botoa emanez parte hartzen duten herritarren artean, berriz, 200 euroko saria zozkatuko da.

  Sari banaketa ekitaldia noiz eta nola egingo den erabakitzeke dago oraindik, esan bezala. Aurrerago jakinaraziko da, unean uneko egoera eta prebentzio neurriak betetze aldera. Baina puntu horretara iritsi aurretik, dendariek erakusleihoak apaindu behar dituzte, eta aurrez, parte hartzeko izena eman.

  Iazko lehiaketan 26 dendek parte hartu zuten eta Kimu loradendak sari bikoitza eskuratu zuen, epaimahaiaren lehenengo  saria eta Herritarren saria; Amalur dendak bigarren saria eraman zuen eta Andrea Azkoaga interiorismok, hirugarrena.

Iturria: Oñati Irratia

Iazko lehiaketako sarituak