XI. Garagardo festa uztailaren 13tik 16ra egingo da

2017/04/12
Karpa plaza ondoko jolasgunean kokatuko da

Aloña Mendi elkartea hasi da  XI. garagardo festa antolatzen. Azken orduko aldaketarik ez badago, XI. garagardo festa uztaileko hirugarren  asteburuan, 13tik 16ra egingo da.

  Oraindik, hiru hilabete falta diren arren, horrelako festa handiak muntaia berezia eskatzen du eta garaiz ibili behar izaten da. Are eta gehiago, jaia, hiru egun eta erdikoa denean eta erdigunean kokatu nahi denean. Garagardo feria ostegunarekin etorriko den uztailaren 13an ireki eta domekara arte luzatuko da eta karpa plaza ondoko jolaslekuan jarriko da, ohikoa denez.

  Aloña Mendik karpa plazako jolasgunean muntatzeko baimena ez ezik, hainbat udal material erabili ahal izatea eskatu du: mahaiak, aulkiak eta Gaztelekuko soinu ekipoa, esaterako. Egun batetik bestera materiala gorde ahal izateko Gaztelekuko instalazioak erabili ahal izatea ere eskatu du. Materiala uzteari buruzko eskaerak onartu dira, ez ordea, Gaztelekua erabiltzearena. Uztailean udalekuak martxan izango direnez Gaztelekuko biltegia ezin izango dela erabili erantzun du gobernu taldeak. Bide batez, karpak izango duen ixte ordutegia ere finkatu du udalak: lehenengo eta azken egunean, gaueko ordu batak arte eta tarteko ostiral eta zapatuan, ordu biak arte izango da.

  Udal baimenak eskutan, garagardo festak eskatzen dituen beste azpiegitura eta hornidura kontuak lotu beharko dituzte orain Aloña Mendiko arduradunek.

  Aloña Mendik antolatutako garagardo jai honek bi helburu nagusi izan ditu hasieratik: kirol elkarteko sail ezberdinen arteko elkar lana batetik, eta diru premiei aurre egin ahal izateko finantzabide izatea bestetik. Gaur egun dena den, elkartearen barne batasun horrek hartu du garrantzia.

Iturria: Oñati Irratia