Vincenzo Ferrari italiarra izango da Oñatiko Nazioarteko Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko berria

2015/11/18
Card image cap
Kargua, 2016ko irailean hartuko du

  Vincenzo Ferrarik harreman handia dauka Oñatiko Lege Soziologia Institutuarekin. Institutuaren beraren fundatzaileetako bat da eta Batzordeko partaide izan zen 1989tik 2002ra bitartean. Gainera, eskolak sarritan eman ditu Oñatin eta Lege Soziologia Institutuarekin elkarlanean, Milango Unibertsitateko Renato Treves doktorego programako sortzaile izan zen.

  Vincenzo Ferrari 1940an jaio zen eta zuzenbidea ikasi zuen Milango Unibertsitatean. Renato Trevesen zuzendaritzapean irakasle lanetan hasi zen Milango Unibertsitateko zuzenbide eskolan bertan. Nazioartean ere, irakasle oso aktiboa izan da eta Italian ez ezik, Latinoamerika eta Espainiako hainbat unibertsitateetan aritu da ohorezko irakasle gisa. 200dik gora argitalpen zientifikoren arduradun da idazle edo editore moduan.

  Hartu berri den erabakiaren arabera, Vincenzo Ferrarik 2013tik Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoa den Adam Czarnota-ren lekukoa hartuko du datorren urteko irailean. Aipagarria da institutuko zuzendari zientifiko kargua, printzipioz bi urtetarako hartzen dela eta ondorioz, Czarnotak aurtengo irailean utzi beharko zukeen. Baina tramite administratibo batzuk guztiz bukatu ahal izateko karguan hirugarren urtez egoteko eskatu zitzaion. Hala,  datorren urteko irailera arte jarraituko du. Eta orduan Ferrarik hartuko du. Vincenzo Ferrari Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko izango da 2016ko irailetik, 2018ko irailera bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!