Zabalik dago garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatzeko diru laguntzak eskatzeko epea

2016/06/21
Arautegian hainbat aldaketa egin dira aurten

  Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntzen oinarrietan, hiru laguntza lerro bildu ditu Udalak: garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatzeko diru laguntzak, sentsibilizazio edota hezkuntzako jardueretarako diru laguntzak eta larrialdi edota laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko diru laguntzak. Hiru laguntza lerro horietatik, garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatzeko laguntzetara, 90.000 euro bideratuko ditu aurten Udalak eta diru laguntza horiek eskatzeko epea zabalik dago. Printzipioz, uztailaren 4an amaituko da eskaera epea, baina gaur bildu den Partaidetza Batzordeak, beste hilabetez luzatzea proposatuko dio Udal Gobernu Taldeari. Gaia, osteguneko bilkuran aztertuko da.

  Nazioarteko lankidetzarako diru laguntza hauek emateko prozedura berritzea erabaki zen azken Osoko Bilkuran. Aldaketa nagusiak hiru dira: eskatzailearen egoitza nagusia edo legalki osatutako ordezkaritza Oñatin egon behar da; eskatzailea irabazi asmorik gabeko izaera juridikodun erakunde bat izan behar da eta eskaerak, hartarako gertatu diren inprimaki ofizialak erabiliz aurkeztu beharko dira.

  Hiru aldaketa hauek eginda, garapenaren alde Udalak ematen dituen diru laguntzen jarraipen zuzenagoa egin asmo da. Eta hori bereziki diru laguntzak herrian egoitza duten elkarteei bideratuta erraztuko dela uste da. Praktikan, urtero jasotzen diren eskaeren portzentaia handi bat, Gobernuz Kanpoko Erakunde ezberdinetan diharduten herritarrek egiten dituzte. Horiei ematen zaien laguntzaren jarraipena egitea ez da konplexua. Baina urtetik urtera geroz eta gehiago dira, kanpotik iristen diren eskaerak, eta iaz, iruzur saio bat ere izan zen tartean. Horregatik, eta ematen den dirua behar den lekura iristen dela ziurtatzeko, esan bezala, egoitza nagusia edo legalki osatutako ordezkaritza Oñatin duten erakundeek soilik eskatu ahal izango dute Udalaren diru laguntza.  

  Eskaera egiten duten erakundeek bestalde, lankidetza alorrean eskarmentua badutela egiaztatu beharko dute, azken hiru urtetan egindako jardueren memoria aurkeztuta. Gainera, tokian tokiko bestaldeko erakunde edo kidea izatea, hau da, proiektua gauzatzen den herrialdean, kontra-parte erakunde bat izatea eskatzen da. Eskaerak,  Udalak horretarako prestatu dituen inprimaki ofizialak beteaz aurkeztu behar dira, uztailaren 4a bitartean.

  Sorreratik, diru laguntza hauen kudeaketa Udaleko gizarte zerbitzu departamentutik egin bada ere, iaz jada, partaidetza batzordearen esku utzi ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Kolonbiako Las Brisas eskualdera ere iritsi da Oñatiko Udalaren diru laguntza