Uztailaren 30ean amaituko da HAZILAN proiektuaren 7. edizioan izena emateko epea

2019/07/24
Mankomunitateak antolatzen duen proiektua irailaren 9an hasiko da

  HAZILAN proiektua unibertsitate ikasketak edo goi mailako heziketa zikloa duten baina ikasketa esparru horretan lan esperientzia oso txikia edo batere ez duten, 20 eta 44 urte bitarteko debagoiendarrei zuzenduta dago. Helburua, kualifikatutako pertsona hauen laneratzea erraztea da beti ere, formatutako esparru horiekin harremana duten enpresa eta proiektutan.

  Programa bi fasetan gauzatzen da: lehenean, parte-hartzaileek 80 orduko prestakuntza jasotzen dute konpetentzia pertsonalak, profesionalak eta lan-merkatuan kokatzeko beharrezkoak diren baliabideak landuz; bigarren fasean, praktikak egiten dituzte eskualdeko enpresetan.

  HAZILAN egitasmoan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dira: 20-44 urte bitartea izatea, goi-mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta baina ikasketa horiekin lotutako esperientzia esanguratsurik ez izatea eta Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea. Langabezian egotea ez da ezinbesteko baldintza, lana eta HAZILAN programa bateragarriak baitira.

  Plazak mugatuak dira baina lekua badagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 30era bitartean eman behar dute izena, eskaera orria www.debagoiena.eus web orritik deskargatu, bete eta dagokion dokumentazioarekin batera mankomunitateko egoitzan aurkeztuta. HAZILAN proiektuaren 7. Edizioa irailaren 9an hasiko da.

  Zabalik dago aldi berean, parte hartu nahi duten enpresen eskaera epea. Hauek ere eskaera orria bete behar dute bilatzen ari diren perfila zehaztuz. Edozein sektore edota tamainako enpresek parte hartu dezakete proiektuan.

Iturria: Oñati Irratia