Uztailaren 10ean amaitzen da Gazte taldeen sormena eta Haur programak sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea

2020/07/06
Card image cap
Udaleko Haur eta Gazteria departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak dira

  Hiru dira Udaleko Haur eta Gazteria departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntza hauek biltzen dituzten lerroak: kultur sormen eta hedapena, urteko programaketa eta elkarteen sustapena eta ezohiko jarduerak. Dirulaguntza hauen eskatzaileak, udalerriko irabazi asmorik gabeko gazte talde, norbanako edota haurrei zuzendutako programak sustatzen dituzten elkarteak izan daitezke. Deialdira aurkezteko gazte talde edo banakakoen kasuan nahikoa izango da taldeko kideen erdiak eta banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egotea eta 12 eta 30 urte bitartekoak izatea.

  Dirulaguntza hauek eskuratzeko, udaleko web atarian eskegita dauden oinarrietako eskaera fitxak bete eta hainbat agirirekin batera aurkeztu behar dira, taldearen nondik norakoak argituz eta egin asmo diren ekintzen xehetasunak emanez.

  Dirulaguntzak ematerakoan, egingo den jarduera edo programaren kalitatea eta ekintza kopurua hartuko dira kontutan, besteak beste. Talde eskatzaileak urtean zehar herriko giza-kultur mugimendua sustatzen laguntzen ote duen eta duen jarraipen eta egonkortasuna ere baloratuko dira. Proposatutako ekintzak herriko gazte guztiei zuzentzea eta taldearen lanean euskararen erabilpena sustatzea ere kontutan hartuko dira. Kultur sormen eta hedapenerako nahiz urteko programaketa eta elkarteen sustapenerako, gehienera, 1600 euro eskuratu ahal izango dira. Ez ohiko jardueren kasuan berriz, eskuratzen diren dirulaguntzak kontutan hartuko dira eta horien baturak ezingo du aurrekontuaren % 6a gainditu edo eskatzailea bakarra denean, % 2a.

  Haur eta Gazteria batzordeak 15.000 euro banatuko ditu aurten arlo horietan diharduten herriko talde edo banakakoen artean. Dirulaguntza hauek eskatzeko epea ostiralean, hilaren 10ean amaituko da. Kultur sormena eta hedapena lerroari dagokionean, lehen deialdian diru partida osoa agortuko ez balitz, bigarren epe bat zabalduko da urriaren 15ean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!