Usakoko ura 16-17 gradutan dago eta aurreko urteetan baino kangreju eta arraintxo gehiago ikusi dira bertan

2017/06/01
Buceo Euskadi enpresako urpekariak izan dira putzua garbitzen

  Usakoko bainu denboraldia hasi baina egun batzuk lehenago egin ohi den garbiketa da. Buceo Euskadi enpresako urpekariak astean etorri dira eta ura nahikoa garbi eta epel zegoela egiaztatu dute putzua garbitzen aritu diren bitartean. Ura, garairako, epel dagoela azpimarratu digute, normalean, urte sasoi honetan 13-14 gradu inguruan egon ohi baita Usakoko ura baina iaz bezala 16-17 gradutan dago. Negua ez da bereziki hotza izan  eta aurreko asteetako tenperatura altuek eragin dute ura ere ohikoa baino epelago egotea. Udaberri sikuaren ondorioz baita ere, ur emaria ohikoa baino txikiagoa da Usakon, presaren aldeetatik apenas jausten baita ur pitin bat.  Bestelakoan, putzuko ura nahikoa garbi dagoela egiaztatu dute urpekariek. Ezkailu eta amuarrain txiki ugari ikusi dute eta kangrejuak ere bai, aurreko urteetan baino gehiago gainera. Aipagarria da Usakon ikusten diren karramarroak autoktonoak direla, bertako espezieari dagozkionak. Alde horretatik beraz, gune bereziki garrantzitsua da Usako. Dena den, hondarren artean harrapatuta geratu ziren arrantza tresna batzuk topatu zituzten iaz urpekariek, inguruan arrantza egitea debekatuta dagoen arren. Aurten ez da halakorik aurkitu baina horrek ez du esanahi ezkutuko arrantzalerik ez denik ibili. Baina arrain edo karramarroez gain, bestelako hondakinak topatu dira Usakoko putzuan: makilak, adarrak eta ur handiek ekarritako enbor hondarren bat. Putzutik atera dira inor adar artean harrapatuta geratu ez dadin edota salto egiterakoan kolpe txarrik hartu ez dezan.

  Usakoko putzua astean garbitu da eta datozen egunotan ingurua txukundu eta oinarrizko zerbitzuak jartzeko lanak egingo dira. Usakoko bainu denboraldia ekainaren 10etik irailaren 10era arte luzatuko da aurten. Hiru hilabete horietan zehar, Usakon sorosle zerbitzua izango da 15.00etatik 20.00tara eta uztailean eta bereziki jende asko biltzea espero den beste hainbat astetan, zerbitzua indartzea aurre ikusten da, hainbat ordutan bigarren sorosle bat jarriz. Baina zerbitzua nola antolatu zehazten ari dira oraindik.

Iturria: Oñati Irratia