Usakoko bainu denboraldia ekainaren 13tik irailaren 13ra izango da aurten

2015/05/26
Card image cap
Sorospen zerbitzua arratsaldeko 15.00etatik 20.00etara beteko da

  Ia ohikoa bihurtu da, aurten zazpigarrenez, Usakoko bainu gunean sorosle zerbitzua izango da. Bainu denboraldia, eskola oporrak hasi aurretik irekiko da eta hauek iraun bitartean mantenduko da. Bainu denboraldia ekainaren 13tik irailaren 13ra luzatuko da eta azken lau urteetan bezala, Usakoko sorosle zaintza arratsaldera mugatuko da, 15.00etatik 20.00etara. Gaia, legealdiko azken Tokiko Gobernu Batzarrean aztertu eta onartu zen.

  E-Goitek enpresarekin sinatutako kontratua beteaz, aurten ere, eurak arduratuko dira Usakoko sorospen zerbitzuaz. Hau da, gaur egun, Zubikoako sorosle eta igeriketa ikastaroen zerbitzua ematen duen enpresa berbera.

  Bainu denboraldia hasi aurretik hainbat prestaketa lan egingo dira inguruan. Ur hornidura gainbegiratuko da eta belarra moztu eta gunea atonduko da. Oinezkoentzako eta elbarrientzako bideak garbitu eta egokituko dira. Putzuaren beraren garbiketa ere egingo da. Horretarako Buceo Euskadi S.L. enpresako urpekariak kontratatzen dira eta putzuan pilatu diren adarrak eta hondakinak ateratzen dituzte. Inoiz bizikletak eta arriskutsuak izan daitezkeen metalezko barrak ere atera dituzte.

  Erabiltzaileen informaziorako, bainu denboraldiaren egutegia eta sorosle-zerbitzuaren ordutegia zehazten duen kartela jarriko da. Idatzian, inguruan dauden arrisku eta debekuak ere adieraziko dira. Eta Europar Batasunaren 2012ko bainurako ur kalitatearen legediari egokitutako kartel informatiboak ere jarriko dira. 

  Bainu denboraldia hasita, gunearen garbiketa goizero egitea eta soroslearen txabola ere astean hirutan garbitzea erabaki zuen gobernu taldeak pasa den asteko bileran. Segurtasuna bermatzeko hainbat neurri berezi ere hartuko dira eta urteroko moduan, udaltzainei tarteka eta maiztasun jakin batekin, inguruak zaintzera joan daitezela eskatuko zaie.

  Usako, oñatiarrek ez ezik, inguruko herrietako lagun askok erabiltzen duen aisialdi eta bainu gunea da. Horren jakitun izaki, udalak, ingurua txukundu eta oinarrizko zerbitzuak jartzea erabaki zuen orain zazpi urte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!