Domekan amaituko da Usakoko bainu denboraldia

2020/09/11
Herribusak bihar beteko ditu bertarainoko azken zerbitzuak

  Igerilekua itxita egoteak eta, bereziki, Covid-19ak, guztiz baldintzatu du Usakoko bainu denboraldia aurten. Herritarrentzat bustitzeko alternatiba nagusi bihurtu da eta kanpotik ere, geroz eta jende gehiago dator. Baina aurten distantziak eta aforoak gorde behar izan dira. Horregatik, bi sorosle eta zaintzaile-hezitzaile bat izan dira denboraldian zehar Usakoko bainu gunea eta zelaia zaintzen. Gainera, jende pilaketak saihestu eta egonaldi aukera zabaltzeko, txandak egin dira. Eta Zañartuko bidean aparkatu ez zedin neurri bereziak ere hartu dira, Herribusean bertaraino joan ahal izatea, adibidez. Baina guztia asteburuan amaituko da, ofizialki behintzat. Herribusak bihar beteko ditu Usakorainoko azken zerbitzuak, eta bainu denboraldia ere domekan amaituko da. Aurrerantzean ez da sorosle edo zaintzailerik izango bertan.

  Usakoko bainu denboraldia domekan amaituko da, Larrañako Ur-uhinak parkea berriz, beste astebetez, irailaren 20ra arte, zabalik mantenduko da. Gune hau ere bereziki zaintzen ari dira aurten. Gogoratu, jolas gunerako lekua erreserbatu beharko dela, han dagoen zaintzaileari eskatuta edo telefonoz deituta. 22 laguneko aforoa du txorroten parkeak eta denbora ere mugatua da. Ur-uhinak parkea 11:00tatik 13:00ra eta 15:00tatik 20:00ra irekitzen ari dira aurten.

Iturria: Oñati Irratia

Bainua txandaka hartu behar izan da aurten (Arg. Goiena)