Usako aisialdi-gunean bainu denboraldia, ekainaren 14tik irailaren 7ra bitartean izango da aurten.

2014/06/02
Sorospen zerbitzua 12 aste horietan arratsaldera mugatuko da, 3etatik 8etara. Ia ohitura bihurtu da, aurten seigarrenez, Usakoko bainu gunean sorosle zerbitzua izango da.

  Bainu denboraldia, eskola oporrak hasi aurretik irekiko da eta hauek iraun bitartean mantenduko da. Titular nagusian esan bezala, bainu denboraldia, ekainaren 14tik irailaren 7ra luzatuko da eta azken hiru urteetan bezala,  Usakoko sorosle zaintza arratsaldera mugatuko da, 3etatik 8etara. Gaia, azken tokiko gobernu batzarrean aztertu eta onartu zen.

  E-Goitek enpresarekin sinatutako kontratua beteaz, aurten ere, eurak arduratuko dira Usakoko sorospen zerbitzuaz. Hau da, gaur egun Zubikoako sorosle eta igeriketa ikastaroen zerbitzua ematen duen enpresa berbera.

  Ez da hori izan ordea, udal gobernu taldeak azken bileran Usakori buruz hartu zuen erabaki bakarra.

  Bainu denboraldia hasi aurretik hainbat prestaketa lan egingo dira inguruan. Ur hornidura gainbegiratuko da eta belarra moztu eta gunea atonduko da. Oinezkoentzako eta elbarrientzako bideak garbitu eta egokituko dira. Putzuaren beraren garbiketa dagoeneko egin da. Pasa den astean hainbat urpekari izan ziren bertan eta adarrak, bizikleta zatiak eta bestelako hondakinak atera zituzten. Urak nahikoa mugituta zetozen arren kangreju asko ikusi zituztela esan zuten eta hori ona da, urak garbi daudenaren seinale. Bitxikeria moduan esan, ura oso hotza dagoela oraindik 12-13 gradutan.

  Usakora doazenek jakin dezaten, bainu denboraldiaren egutegia eta bitarte horretan sorosleak izango duen zerbitzu ordutegia zehazten duen kartela jarriko da. Kartelean, inguruan dauden arrisku eta debekuak ere adieraziko dira. Eta Europar Batasunaren 2012ko bainurako ur kalitatearen legediari egokitutako kartel informatikoak ere jarriko dira.

  Behin bainu denboraldia hasita, gunearen garbiketa goizero egitea eta soroslearen txabola ere astean hirutan garbitzea erabaki zuen gobernu taldeak pasa den asteko bileran.

  Segurtasuna bermatzeko hainbat neurri berezi ere hartuko dira eta urteroko moduan, udaltzainei tarteka eta maiztasun jakin batekin, inguruak zaintzera joan daitezela eskatuko zaie.

  Usako, oñatiarrek ez ezik, inguruko herrietako lagun askok erabiltzen duen aisialdi eta bainu gunea da. Horren jakitun izaki, udalak, ingurua txukundu eta oinarrizko zerbitzuak jartzea erabaki zuen orain 6 urte.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: www.goiena.net