Usako aisialdi-gunean bainu denboraldia, ekainaren 11tik irailaren 11ra izango da aurten

2016/06/01
Sorospen zerbitzua 15.00tatik 20.00etara beteko da

  Ia ohitura bihurtu da, aurten zortzigarrenez, Usakoko bainu gunean sorosle zerbitzua izango da. Bainu denboraldia, eskola oporrak hasi aurretik irekiko da eta hauek iraun bitartean mantenduko da; ekainaren 11tik irailaren 11ra luzatuko da eta azken bost urteetan bezala,  Usakoko sorosle zaintza arratsaldera mugatuko da, 15.00tatik 20.00tara. Gaia, azken Tokiko Gobernu bBtzarrean aztertu eta onartu zen. E-Goitek enpresa arduratuko da aurten ere Usakoko sorospen zerbitzuaz. Hau da, gaur egun Zubikoako sorosle eta igeriketa ikastaroen zerbitzua ematen duen enpresa berbera.

  Ez da hori izan ordea, Udal Gobernu Taldearen azken bileran Usakori buruz hartu zen erabaki bakarra. Bainu denboraldia hasi aurretik hainbat prestaketa lan egingo dira inguruan. Ur hornidura gainbegiratuko da eta belarra moztu eta gunea atonduko da. Oinezkoentzako eta elbarrientzako bideak garbitu eta egokituko dira. Putzuaren beraren garbiketa ere egingo da datorren astean. Horretarako Buceo Euskadi enpresako urpekariak kontratatzen dira eta putzuan pilatu diren adarrak eta hondakinak ateratzen dituzte. Inoiz bizikletak eta arriskutsuak izan daitezkeen metalezko barrak ere atera dituzte. Usakora doazenek jakin dezaten, bainu denboraldiaren egutegia eta bitarte horretan sorosleak izango duen zerbitzu ordutegia zehazten duen kartela jarriko da. Kartelean, inguruan dauden arrisku eta debekuak ere adieraziko dira. Eta Europar Batasunaren 2012ko bainurako ur kalitatearen legediari egokitutako kartel informatiboak ere jarriko dira. 

  Behin bainu denboraldia hasita, gunearen garbiketa goizero egitea eta soroslearen txabola ere astean hirutan garbitzea erabaki zuen Gobernu Taldeak pasa den asteko bileran. Segurtasuna bermatzeko hainbat neurri berezi ere hartuko dira eta urteroko moduan, udaltzainei tarteka eta maiztasun jakin batekin, inguruak zaintzera joan daitezela eskatuko zaie.

  Usako, oñatiarrek ez ezik, inguruko herrietako lagun askok erabiltzen duen aisialdi eta bainu gunea da. Horren jakitun, Udalak, ingurua txukundu eta oinarrizko zerbitzuak jartzea erabaki zuen orain zortzi urte.

Iturria: Oñati Irratia