Urteko lehen tokiko gobernu batzarra egingo da gaur

2017/01/12
Card image cap
Auzo-taxi zerbitzuaren balorazioa, auzotasun programaren baitako hainbat likidazio proposamen eta Hirigune 2016 laguntza programaren ebazpen berria azalduko da, besteak beste

  32 gai jaso dira arratsaldeko bilerarako lan zerrendan baina gehienak tramitezkoak dira. Ureko lehen tokiko gobernu batzarra den honetan, aurreko urteko hainbat likidazio proposamen aztertuko dira eta zerbitzuen balorazioa ere egingo da. Hara nola, Murgia, Zañartu, Santxolopeztegi, Lezesarri, Olabarrieta, Berezao eta Araozko auzotasun programaren likidazio proposamenak aztertzekoak dira. Hauekin lotuta, Leintz bideko obraren 2016ko likidazioa ere mahai gainera ateratzekoa da.

  Iazko udan martxan jarri zen auzo-taxi zerbitzuaren balorazioa ere arratsaldeko bileran egitekoa da. Garraio publikoaren ibilbidetik urrun bizi diren auzotarrei eskaintzen zaien zerbitzua da auzo-taxia. Herri gunerako joan etorriak aurrez hitzartutako taxian egiten dituzte eta bidaiaren kostuaren zati bat ordaintzen dute, bestea, Udalak ordaintzen du. Sei hilabete joan dira jada zerbitzua martxan jarri zela eta 2016ari dagokion balorazioa egingo da arratsaldean, baina gobernu taldeak zerbitzuarekin jarraitzeko asmoa du, 2017ko aurrekontuetan 20.000 euro onartu baitira hartarako.

  Udalak nekazaritza ustialekuak modernizatzeko eman ohi dituen diru laguntzen ebazpen proposamena ere egingo da gaurko tokiko gobernu batzarrean. 2015-2016 ingurumen ikerketa bekaren inguruan, lanaren emaitza aurkezteko egin den epe luzapen eskaerari ere zein erantzun eman aztertuko da.

  Diru laguntzei dagokionean, udala bera izaten da batzuetan halakoak ematen dituena baina udalak ere jasotzen ditu beste erakunde batzuen diru laguntzak. Horren haritik Hirigune 2016 laguntza programaren inguruan Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakiaren berri emango da arratsaldeko batzarrean. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa Sailak azpiegiturak hobetzeko diru laguntzak eman ohi ditu beti ere, tokiko merkataritza garatzeko bide gisa. Udalak, Atzeko kaleko beheko zatiaren eraberritze lanen proiektua aurkeztu zuen eta Jaurlaritzaren ebazpenaren berri emango da gaurko bilkuran, esan bezala. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!