Urtebetez luzatu da etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko kontratua EULEN enpresarekin

2020/10/14
Bi urterako sinatu zen baina beste bi urtez luzatzeko aukerarekin

  2018ko uztailean erabaki zuen Udalak Eulen Servicios Sociosanitarios enpresari esleitzea etxez etxeko laguntza zerbitzua. Kontratuaren iraupena bi urtekoa izango zela zehaztu zen baina beste bi epealditan luzatzeko aukera jaso zen, beti ere, lau urteko muga finkatuta. 2020ko irailaren 30ean amaitu zen lehen kontratu hori beste urtebetez luzatzeko proposamena egin zion Udalak Eulen enpresari eta eskaintza onartuta, luzapena sinatu dute bi aldeek, hau da, 2021eko irailaren 30a arte.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta norberaren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz.

  2019an 87 familiak eta 101 erabiltzailek jaso zuten etxez etxeko laguntza zerbitzua: 9 elbarrituak ziren, 13 menpekotasun handia zutenak eta beste 63 maila txikiagoko menpekotasuna zutenak. Erabiltzaile guztien oinarrizko beharrak betetzeko 29.813 zerbitzu-ordu eman ziren, aurreko urtean baino kasik 6.000 gehiago. Izan ere, 2019an etxez etxeko zerbitzuaren arautegia aldatu baitzen, erabiltzaileek ordaindu beharreko tarifa merkatuz.

Iturria:Oñati Irratia