Urtarrilaren 31ra arte luzatu da 2017ko larreratze kanpainarako eskaera epea

2017/01/09
Aloabel elkarteak eta Udalak deitutako auzolaneko partaideek %100 hobaria jasoko dute larreratze tasan

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpainaz oharra zabaldu du udalak hainbat gai argituz: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, zaldi eta behiak identifikatzeko lepokoen erabilpena eta hazteria edo sarnari aurre egiteko neurriak.

  Artaldea larreratzeko baimenik ez da emango artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria aurkeztu arte. Partzoneria eta Aloñako mendietan artaldea bota nahi dutenek, artaldeak osasun baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu behar dute agiri bidez. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Baina eskaera orain egin behar da eta ez ardien kasuan soilik baita behor eta behien kasuan ere. 

  Aloña-Urbia-Oltzako larreetara ganadua eraman asmo dutenek horren berri udal bulegoetan eman behar dute. Aurten lehen aldiz, urtarrilaren 31ra arte luzatu da jakinarazpena egiteko epea. Urtarrileko azken eguna pasata ez da larreratze baimenik emango. Bitartean, artzain eta abeltzainek Aloñan larreratu asmo dituzten ardi, bildots, behor eta behi kopuruaren berri eman behar diote udalari. Herri lurretan eraikitako txabolen erabiltzaileek ere, horren berri eman behar dute. Bide batez, larreratze tasak kobratzeko kontu korronte zenbakia jakinaraztea eskatzen da.

  Tasei dagokienean, auzolanean aritzea sarituko da aurten ere. Hala, Udalak eta Aloabel elkarteak deituriko auzolanetan parte hartzen duten ganadu zaleei % 100eko hobaria aplikatuko zaie larreratze tasetan. Iaz, auzolanean, 6 paso kanadar berri egin ziren, karduaren kontrol kanpainan lagundu zen eta itxituretako hesolak batu eta gorde eta Malla eta Eskistarako pistan zumatrizak errepasatu ziren.

  2017ko larreratze kanpainaren inguruan udalak zabaldu duen oharra ganadua Aloñara eraman asmo dutenei zuzenduta dago baina baita Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenei ere, hauen kopurua ezagutu nahi baita helburu estatistikoz. Kasu honetan ez da tasarik ordaindu behar.

  2017ko larreratze kanpainaren inguruko jakinarazpen idatzia auzo alkateei eta ALOABEL abeltzainen elkarteari bidali zaie auzotarren eta bazkideen artean zabaldu dezaten.

Iturria: Oñati Irratia