Urrira atzeratu da Arantzazun egingo den COETUR Landa Turismoaren Kongresua

2020/04/17
Card image cap
Ekainaren 3 eta 4an egitekoa zen

  COETUR Europa mailako Landa turismoaren VII. Kongresua Arantzazuko Gandiaga Topagunean egingo da baina ez ekainean hasieran iragarri bezala, baizik eta urriaren 21 eta 22an. Bizi dugun osasun alarmak hitzordua atzeratzea eragin du. Uda partea izan ohi da sektorearentzat lan handieneko garaia, eta aurten zer gertatuko den zehaztea zaila bada ere, batzarra udazkenerako uztea erabaki dute antolatzaileek, hau da, Escapadarural.com webguneko arduradunek.

  COETUR kongresurako datak aldatu badira ere, programa bere horretan mantentzen dela adierazi dute antolatzaileek. Landa-turismoa erronka demografikoaren aurrean; Zer irakatsi baduten landa ekintzaileak; Goranzko joerak: turismo xarma duten kirol proiektuak; Hiritik haratago. Aukerak hurbileko hiri-helmugetako bezeroen atzean; Turismo kudeaketa publiko-pribatua. Utopiatik errelitatera dira kongresurako zehaztu diren ponentzietako batzuk. Ponentziak eta mahai-inguruak goizez egingo dira Gandiaga topagunean eta urriaren 21eko arratsaldean tailerrak egingo dira. Tailerretako batzuk Arrikrutzen, Txokolateixan eta Turismo bulegoan egingo dira. Landa Turismoaren kongresua berriz, urriaren 22an, 13:00tan amaituko da, Escapada rural 2020 sariak banatuz.

  Landa turismoa garapen bultzada gisa covid-19aren krisiaren ondoren lelo berripean antolatu da COETUR kongresua, sektoreko profesionalei zuzenduta. Begirada etorkizunean jarrita, turismo jarduera ardatz hartzeaz gain, turismoak berak eragiten dituen inpaktu ekonomikoa, soziala eta ingurumen arlokoak jorratzeko asmoa dago. Hala kongresuan aurkeztuko diren ponentziak, eztabaida mahaiak nahiz tailerrak hiru zutabe nagusien bueltan bildu dira: inpaktu soziala eta lurralde garapena, inpaktu ekonomikoa eta joera berriak eta ingurumen inpaktua eta erronka jasangarriak.

  Lehen aldia da COETUR kongresua Euskal Herrian egiten dela, aurreko sei edizioak, Bartzelonan, Madrilen, Granadan, Asturiasen, Errioxan eta Portugalen egin ziren. Urrian egingo den zazpigarren kongresu honen antolakuntzan, Escapada Rural elkarteak Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka eta BasqueTour eta Debagoiena eta Goierri eskualdeak anfitrio direlarik. Gonbidatutako herrialdea berriz, Andaluzia eta konkretuki Sevilla izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!