Urriaren 15ean hasiko dira Olakua auzoko 2. areako irisgarritasun lanak

2020/10/09
Card image cap
Urte amaierarako bukatzea aurreikusten dute Ugarte eraikuntza enpresakoek

  Gaur hasi dira hain zuzen ere, lanetarako materiala ekarri eta aldagelak jartzen Maiztegi etxearen atzealdeko aparkalekuan. Prestaketetan gaur hasi dira baina irisgarritasun lanak datorren ostegunean, hilaren 15ean hasiko dituzte. Olakua auzoko 2 eta 3 zenbakidun etxe-blokeen inguruko urbanizazioa berrituko da, A2B Arquitectos enpresak idatzi zuen proiektuaren arabera.

  2-A/2-B eta 3-A/3-B atarien inguruan dauden oinezkoen ibilbideak, zebra-bideak eta mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkalekuak berrituko dituzte, irisgarritasun arauetara egokitzeko edo, araua guztiz bete ezin denean, gaur egungo egoera nabarmen hobetzeko.

  Espaloiak zabalduko dira, batez ere, 3-A eta 3-B atarien aldean. Mantendu egingo dira bertan dauden aparkalekuak, berritu egingo dira alde bateko zein besteko eserlekuak, eta zintarria ipiniko da berdegunearen bueltan, ikusmen urria duten pertsonen orientazioa errazteko. Horrezaz gain, 2-A eta 2-B etxeen aldameneko ibilbideak ere berrituko dira, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak lekualdatuz. Bi zebra-pasagune berri egokituko dira Txiki Txokora eta autobus geltokira doazen oinezkoen bideekiko lotura modu seguru eta irisgarrian bermatuz. Bi zebra-bide horiek altxatutako plataforma erakoak izango dira.

  Ugarte eraikuntza enpresak egingo ditu lan hauek 169.291 euroren truke. Lanak, ondo bidean, urte akaberarako amaitzea aurreikusten dute Ugarte enpresako arduradunek.

  Olakua auzoko 2. areako irisgarritasun lanok egin behar direla aprobetxatuta, auzoko argiteria azpiegituraren azterketa eta birproiektua egitea eskatu zaio Ingenieria Iriarte enpresari. Auzoa bere osotasunean hartzen duen proposamen teknikoa lantzea eskatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!