Urgaineko guraso elkarteak "eskolako tren ibiltaria" martxan jarri du berriro

2017/05/08
Ikastetxerako bidea elkarrekin eta oinez egitera animatzeko ekimena da

  Urgain eskolako guraso elkarteak 2010az geroztik urtero, hamabost egunez, errepikatzen duen ekimena da tren ibiltaria. Eskolara oinez eta lagunekin joateko aukera antolatua da; ikasleen bizitokiaren arabera trenera batzeko geltoki eta ordutegi konkretuak zehazten baitira. Lau dira Urgaineko tren ibiltariak aurten dituen adarrak: San Lorentzo, Olakua eta Ugarkalden bizi direnak San Lorentzoko tunel parean elkartuko dira; Kasablankakoak Debatarra taberna parean eta Kale Zaharrekoekin Aker taberna inguruan bat egingo dute; Bidebarrietakoak Dia denda aurrealdean eta herrigunean bizi direnekin kultur etxean elkartuko dira eta San Martingo zubitik datorren laugarren adarrak ere, Santa Marina plazan egingo du bat aurrekoekin.  Bai abiatzeko baita tarteko hainbat puntu konkretuetatik pasatzeko ere ordutegia zehaztu da inork trena galdu ez dezan eta eskolara garaiz iristeko. Aurtengo tren ibiltaria gaur jarri da martxan eta hilaren 19ra arte luzatuko da.

  Urgaineko guraso elkartea aitzindaria izan zen ikasleak elkarrekin eta modu antolatuan eskolara joateko ekimena Oñatira ekartzen. Baina egun herriko ikastetxe guztietan gauzatzen da halakorik. Elkar Hezikoek Elkarbusa egiten dute eta Txantxiku ikastolakoek Ikastolara oinez. Guztiek haurren mugikortasun aktibo eta autonomoa sustatzea dute helburu, ariketa fisikoa egiten duten bitartean txikienen sozializazioa sustatuz.

Iturria: Oñati Irratia

"Tren ibiltaria"