Urgain-Errekaldeko egitura hezetasunetik babesteko obra lizitaziora atera du udalak

2018/01/25
Card image cap
Egitasmoa Udalaguntza deialdira aurkeztu da, ia 400 mila euroko aurrekontua Jaurlaritzaren diru laguntzaz arintzeko

  Errekalde herri eskolak lur azpiko erreka parez pare dauka eta horren ondorioz hezetasun arazo larriak dauzka aspalditik. Eraikinaren egiturari eragiten dion hezetasun arazo hori konpontzeko proiektua osatu zuen Izaskun Legaristi arkitektoak. Eraikinaren perimetro guztian kanal iragazgaitza egitea proposatzen da. Horrekin batera, adreiluzko trasdosatua egingo da eta kapilaritatez lokalera transmititzen den hezetasunari aurre egiteko, material bereziaz osatutako solairu sanitarioa egingo da. Eskolaren perimetro osoa hezetasunetik babestuko lukeen egitura isolatzaile berria eratzea aurreikusten da, nolabait esanda. Ikastetxeko sotoko forjatu sanitarioa berrituko da eta soto horretan psikomotrizitate gela, gimnasioa, euri egunetarako espazio zabala, biltegiak, komunak, garbitzaileen aldagelak eta garbiketa produktuak gordetzeko gunea prestatuko da. Hezetasunaren arazoaz gain iturgintza, elektrizitatea, aireztapena, suteen aurkako instalazioak eta beste berritzea jasotzen du proiektuak. Egin beharreko lanen aurrekontua,  323.714 € gehi BEZa da.

  Lan honek duen premia ikusita udal aurrekontuetan 400.000 €ko partida jaso da. Baina lehentasunezkotzat jotzen den inbertsioa arintzeko Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza eskatu du udalak. Udalaguntza izeneko diru laguntzen lerroetako bat hezkuntza erabilera duten udalaren jabetzako eraikinetan egindako inbertsio obrak dira. Bide honetatik gainera, gastuaren % 60a estaltzeko adina diru laguntza iritsi daiteke. Baina lana abenduaren 31rako eginda egon beharko litzateke Udalaguntza jasotzeko eta horregatik esleipen prozesua abian jartzea erabaki da.

  Urgain-Errekaldeko lanak esleitzeko deialdia gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Interesa duten enpresek otsailaren 20ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Errekalde herri eskolako egitura hezetasunetik babesteko lanak hiru hilabetetan egin beharko dira eta lizitaziorako aurrekontua 323.714 € gehi BEZa da. Horrek esanahi du, kopuru horren pareko edo merkeagoa den eskaintza egin beharko dutela enpresek. Proposamen ekonomikoak 100 puntutik 60 eskuratzeko aukera emango die enpresei, memoria teknikoa eta hobekuntza proposamena 30 puntuz baloratuko da eta berme epea handitzea beste 10 puntuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!