Uraren ziklo osoaren kudeaketa Ur Kontsortzioaren esku berriro utzi izanak jeltzaleak poztu ditu

2018/06/14
Card image cap
2008an EAJk hartu zuen erabakiaren zergatia gogoratuz eta EH Bilduri egindako proposamena azalduz, prentsa oharra zabaldu du EAJren udal taldeak

  Maiatzeko Osoko Bilkuran udalbatzak aho batez onartu zuen uraren ziklo integralaren kudeaketa beste 10 urtez Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku uztea, 2028ra arte, alegia.  Orain 10 urte gobernu talde jeltzaleak zentzu horretan hartu zuen lehen erabakia balorean jarri nahi izan du EAJk, prentsara zabaldu duen idatzian dioenez. Udala eta Ur Kontsortzioaren arteko lehen akordio haren zergatiak eta onurak aipatzerakoan, uraren kudeaketa enpresa publiko baten esku utzi zela gogorarazten dute jeltzaleek, Oñatiko udala enpresa horren bazkide bihurtu zelarik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta beste 73 udalekin batera. Hitzarmen horren haritik, Oñatiko udalak 3milioi eta 300 mila euro aurreztu ei zituen inbertsioetan, Ur Kontsortzioak egin zituelako. Eta horrela urtero kontrolik gabe milioika ur litro galtzea saihestu zela azpimarratzen du.

  Hitzarmena 2028ra arte luzatuta, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak beharrezko inbertsioak egiten jarraituko duela diote jeltzaleek, eta Oñatiko udalak 841.000 euro jasoko dituela lankidetza-saritzat. Diru horren erdia, 400.000 euro, herritarrei itzultzea proposatzen dute jeltzaleek. 300.000 euro uraren kontsumo arduratsua sustatzera bideratzea proposatzen dute, familiei faktura merkatuko dieten hobariak emanez. Beste 100.000 euroak, energia-pobrezian edo gizartean larrialdi-egoeran bizi diren herritarren gastua murrizteko bideratzea proposatzen dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!