Oñatiko udala

Uraren ziklo osoaren kudeaketa beste 10 urtez Ur Kontsortzioaren esku uztea erabaki zen azken Osoko bilkuran

2018/06/07
Card image cap
Kontsortzioak ia 3 milioi euroko inbertsioak egingo ditu Oñatin eta milioi bat euroko prima ordainduko dio udalari

  EH Bildu kritiko izan da zenbait unetan uraren ziklo osoa kanpoko enpresa baten esku uztearekin, urarena oinarrizko zerbitzu den aldetik udalak zuzenean kudeatu beharko lukeela defendatu baitu. Baina Ur Kontsortzioa enpresa espezializatua dela kontuan hartuta, eta Oñatiko udalarekin aurrez hartu zituen konpromisoak egoki bete direla ikusita, kudeaketa berriro bere esku uztearen alde zeudela argitu zuen alkateak azken Osoko Bilkuran.

  Urte amaieran beteko da Ur Kontsotzioarekin izenpetutako aurreko hitzarmena eta 2019ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarren ostegunean aho batez onartu zen berria. Hau ere 10 urterako, 2028ko abenduaren 31ra arte. Ur Kontsortzioaren proposamenak dio Oñatin ia 3 milioi euroko inbertsioak egingo dituela 10 urte horietan eta udalari, esku dirutan, milioi bat euro emango dizkiola prima moduan. Udalbatza osatzen duten bi taldeek oso positiboki baloratu zituzten bi datu horiek eta EAJk, ogasuna batzordean egin zuen proposamenaren berri eman zuen batzarrean, hau da, udalak jasoko duen diru horren ia erdia, herritarrei itzultzea hobari moduan. Baina jeltzaleen proposamena hori baino ez da oraingoz, alegia, ez du ogasuna batzorderen eta goragoko batzordeen babesik lortu oraindik. Gaia mahai gainean dago.

  Oñatiko udalak eta Ur Kontsortzioak sinatuko duten lankidetza hitzarmenaren arabera, Kontsortzioak 2.883.043 €-ko inbertsioak egingo ditu Oñatin 2019-2028 urte tartean eta 1.048.046 € esku-dirutan emango dio udalari, urtea bukatu aurretik. 73 udal dira egun Gipuzkoako Ur Kontsortzioan bat egiten dutenak. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!