Ur txorrotez hornitutako jolas parkea eta San Martingo "running" zirkuitua geldirik dauden proiektuak direla gogoratu du EAJ-k

2016/09/13
Card image cap
Uda garairako prest egon zitezen eskaera egin zuen apirila amaieran

  EAJren udal taldeak prentsara zabaldu duen oharraren dioenez, bi proiektuak aurtengo aurrekontuetan jasota daude. Halako azpiegiturak uda partean, bero egiten duenean eta egunak luzeak direnean gehiago erabiltzen direla jakinik,lehenbailehen  martxan jarri zitzan eskatu zioten jeltzaleek gobernu taldeari. Baina herritarren ongizaterako onuragarriak diren arren baztertuak dituztela adierazi dute gazteria eta kirol arloez arduratzen diren zinegotzi jeltzaleek.

  Oharrean gogora ekarri dute herritarrengandik jasotako proposamenak direla, bai jolas parke bat ur txorrotez hornitzea eta baita ere, San Martingo zuhaiztian haurrentzako jolastokia eta antxintxika egiteko zirkuitu iraunkor bat prestatzeko eskaera. Bi proiektuen helburua bestalde, oñatiarrei kirol eta aisialdirako eremu berriez gozatzeko aukera eskaintzea dela aipatzen du EAJren idatziak. Uda aurrera doan arren, proiektuak martxan jartzeko eta aurrera pausoak ematen hasteko eskaera luzatu diote berriro jeltzaleek gobernu taldeari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!