Unibertsitatera sartzeko ebaluaziora aurkeztu ziren 65 oñatiarrek gainditu dute

2017/06/16
Emaitzak onak izan dira orokorrean

  Orokorrean esan bezala, Oñatiko ikasleen emaitzak onak izan dira selektibitate moduan ezagutzen zen azterketaldiaren lehen deialdian. Guztiek aprobatu dute eta notak ere onak izan direla esan digute bigarren hezkuntzako ikastetxeetan. Orain, notak unibertsitatean ikasi nahi duten graduan izena emateko aukera ematen ote dien ikusi beharko dute, aprobatzeak ez baitu hori bermatzen.

  Batxilergoa amaitu eta unibertsitaterako saltoa egin ahal izateko probak izena aldatu duen arren, lehen selektibitatea zen eta orain unibertsitatera sartzeko ebaluiazioa deitzen zaio, ez du sakoneko aldaketarik ekarri. Hainbat gai komun espezifiko moduan kalifikatzeko aukera bikoitza izan da aldaketa nagusia. Baina 2016-2017 ikasturtea zalantzaren ikasturtea izan da, amaierako proba honen inguruko xehetasunak kurtsoa martxan zela erabaki eta jakinarazi direlako ikasle eta irakasleen kezka sortuz.

  Baina aurreko urteetan bezala ekaineko lehen deialdi honetan aprobatuen portzentajea oso altua izan da, Gipuzkoan % 99koa eta Oñatin % 100koa, aurkeztu ziren herriko 65 ikasleek gainditu baitute. Aurten laugarren urtez jarraian gertatu da hala gainera. Unibertsitatera sartzeko ebaluazioaren hurrengo deialdia, urteko bigarrena, uztailaren 5, 6 eta 7an izango da.

Iturria: Oñati Irratia