Unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketaldia oñatiarren gehiengoak gainditu du

2018/06/15
Giza zientzietako matematiken probak zeresana eman du aurten ere

  Orokorrean, Oñatiko ikasleen emaitzak onak izan dira selektibitate moduan ezagutzen zen azterketaldiaren lehen deialdian. Batek izan ezik gainontzeko guztiek aprobatu baitute. Gainditu ez duen horrek ez zuen selektibitaterik behar egin nahi dituen ikasketetarako. Oñatin ikastitako 77 gazte aurkeztu ziren pasa den astean egin ziren unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketetara eta 76k gainditu dituzte. Aprobatu portzantajea beraz, ia %99koa izan da aurten.

  Giza zientzietako matematiken azterketarekin arazoak izan dira aurten. Galderak modu korapilatsuan azaltzen omen zen eta ariketa zailak eskatzen ziren nonbait. Ikasleak ez ezik irakasleak ere haserre zeudela esan digute eskoletan, ez baita lehen aldia halakorik gertatzen dela. Orain bi urte ere, antzerako arazoak salatu ziren. Horrek, zenbaiten notatan eragin du eta batzuek, espero baino emaitza baxuagoak izan dituzte. Azterketak gainditzea garrantzitsua da baina baita lortzen den nota ere, horrek, nahi den ikasketetan matrikulatu ahal izatea baldintzatzen baitu. Egun, karrera askotan, gutxieneko nota bat eskatzen da. Hori izango da selektibitatea egin berri duten ikasleen hurrengo kezka, nahi duten hori ikasteko notarik ba ote duten.

  Unibertsitatera sartzeko ebaluazioaren emaitzak atzo jakinarazi ziren eta gaur jada emaitza horien egiaztagiriak, txartelak, eta ikasketa espedientea jaso beharko dituzte ikasleek ikastetxeetan.

  Unibertsitatera sartzeko ebaluazioari dagokion  bigarren deialdia, uztailaren 4, 5 eta 6an izango da eta horretara ere, Oñatin ikasi duten hainbat lagun joango dira.

Iturria: Oñati Irratia