ULMAk bono jaulkipen berria egin du, finantziazio aukera ezberdinak indartuz

2019/09/05
50 milioi euroko balioa duten bonoak merkaturatu ditu kooperatiba taldeak

  MARF Errenta Finkoko Merkatu Alternatibora jo zuen lehen kooperatiba bihurtu zen Ulma, 2017ko irailean. Bi urte beranduago, antzerako eragiketa mantxan jarri du 100 milioi dolarreko balioa duten bonoak merkaturatuz. Jaulkipen berria hiru urteko epean gauzatzea aurreikusten bada ere, erdiak baino gehiago jarriak dituela jakinarazi berri du kooperatibak, 50 milioi euroko balioa duten bonoak jarri baititu. Atzerriko erakundeetako inbertitzaileek erosi dituzte bonuak. MARF merkatuaren bidez bideratu diren bonuen epemuga zortzi eta hamabi urte bitartekoa da eta % 2,25 eko interesa dute.

  Elkarte anonimo edo mugatuko izaera duten enpresa txiki eta ertainen artean ohikoa da MARF merkatuaren finantzazio bidea, ez ordea, kooperatiben artean. Finantzaketa iturrien dibertsifikazioa lortu nahian dabil enpresa, betiere baldintza hobeak aurkitzeko. 2017an bide hori urratu zuen lehen kooperatiba taldea bihurtu zen ULMA. Orduan, 24 hilabetera arteko amortizazio epea zuten, 100.000 euroko balio nominaleko pagare jaulkipen indibiduala egin zuen ULMA, 50 milioi euroko finantzazioa lortuz.

  Garapen eta zabalpen egitasmo berriak ditu eskuartean ULMA taldeak eta bono jaulkipenak horretarako finantzazioa ahalbideratuko dio. Erronken artean, automatizazioa, digitalizazio eta ingurumen hobekuntzak dituzte.

Iturria: Oñati Irratia