Oñatiko udala

Ulma taldeak 314 milioi euroko kreditua lortu du nazioarteko hedapena bultzatzeko

2015/07/22
Card image cap
Kredituaren erdia inbertsioetara bideratuko da

  8 banketxerekin lortutako maileguari esker, ULMA taldeak martxan duen nazioarteko hazkunde estrategiarekin jarraitzeko aukera izango du. Lortu berri duen maileguko 164 milioi euro, zirkulatzailea finantzatzeko baliatuko ditu eta 150 milioi euro, proiektu berrietan inbertitzeko.

  Ez da kasualitatea nazioarteko hedapenean indarrak jartzea. Ulma taldeak 666 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz eta diru horretatik 513 milioi nazioarteko merkatuetan lortutakoak dira, hau da, salmenten %77a. Erdiak pasa Europan egindako salmentak dira, %19 Latinoamerikan eta %15 berriz, Ipar Ameriketan. Taldeak, 61 adar ditu munduan barreiatuta eta  munduko potentzia nagusietan negozioak dituzte: Amerikako Estatu Batuetan, Brasilen, Txinan, Alemanian edota Errusian esaterako.

  Iñaki Gabilondo Ulma taldeko zuzendari nagusiak atzo azaldu zuenez, banketxeekin lotutako eragiketa azken urteetan egindako lan zorrotz eta zehatzaren eta ahaleginen emaitza da. Taldeak tinko eutsi dio eraikuntzaren sektorea bereziki gogor jo duen nazioarteko krisiari. Eta aurtengo aurre-ikuspenek, kasik krisi aurreko datuen parean jarriko dute ULMA. 2008an, kooperatiba taldearen fakturazioa 725 milioi eurokoa izan zen eta 2015.ean salmentak 719 milioi eurora arte igotzea aurreikusten da, hau da, krisi hasieran baino %1 soilik gutxiago. Langile aldetik ere, orain 7 urteko kopuruari eusten zaio kooperatibatik zabaldu diren datuen arabera.

  Taldea egungo koiunturaz baliatu da eta 2017an muga-eguna zuen 91 milioi euroko mailegua kitatu du. Horrekin bere baldintza ekonomikoak asko hobetu dira eta horri esker finantza gastuetan asko aurreztuko du datozen urteetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!