ULMA Packaging-eko lantegi berria inauguratu orduko, handitze lanak berehala beharko direla aurreratu da

2018/01/18
Card image cap
ULMA taldeak zabaltze garai berri bati ekin dio

  Ulma Packaging-eko eraikin berriaren inaugurazio ekitaldia, ontziratze negozioa eta Ulma taldearen etorkizun hurbileko asmoak ezagutarazteko foro bihurtu zen. Goribar auzoko lantegia termozigilatze lanetara bideratu da. 5000 m2-ko azalera dauka baina etorkizun hurbilean handitu beharko dela aurreratu zuen Cecilio Lejarreta Packaging-eko gerenteak. Orain 4-5 urte tentu handiz berrekin zuten negozio-lerroak oso emaitza onak eman dituela azaldu baitzuen.

  Goribarko instalazio berriak urtean 400 makina baino gehiago ekoizteko ahalmena dauka. Kooperatibaren instalazio berria Ulma Packaging-ek azken urteetan izan  duen hazkunde azkarraren baitan kokatzen da eta enpresaren jarduerarekin lotura zuzena duten lanpostuek eta tokiko enpresa hornitzaileek zeharka sortu dituztenek nabarmen gora egin dute. Baina bilakaera positibo hori orokorra izan da Ulma Taldean. Azken urteetan balio erantsi handiko 630 lanpostu berri baino gehiago sortu baititu, Iñaki Gabilondo Taldeko zuzendari orokorrak azaldu zuenez. Enplegu berriak sortzeko ahalegina azpimarratu zuten baita ere, inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten Mikel Biain alkateak eta Markel Olano, Ahaldun Nagusiak.

  Ulma Taldearen nazioarteko hedapenaren erakusgarri dira atzo inauguratutako instalazioak eta baita ULMA Handling Systems-ek  Donibane Lohizunen, iparraldean, irekiko dituen bulego berriak. Datorren asteartean inauguratuko dira, Frantziako merkatuan izan duen hazkundeari modu egokiagoan erantzuteko asmoz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!