Ukrainiako gaztetxoak asteartean iritsiko dira Oñatira

2015/07/10
Ikasketa arazoak tarteko, hiru gaztetxoen bidaia atzeratu beharra izan dute Banoia Txernobilekin taldekoek

  Bisadoak eta bidaia txartelak prest dituzte uda gure artean pasako duten hiru gazteek, bidaiatu berriz, astelehen-asteartean bidaiatuko dute. Ohikoa denez, abioiez Madrilera iritsiko dira Kiev-Madril bidea egin ondoren. Astelehen ilunkaran iritsiko direnez, gaua bertan pasako dute eta astearte goizean Oñatirako bidea autoz egingo dute.

  Aurreko urteetan baino gazte gutxiago etorriko dira aurten Ukraniatik, 3 besterik ez. Ukrania aldean giroa nahikoa nahasia den arren, atzerapenaren arrazoia bestelakoa izan da; aurreko urteetan Oñatin  harrera egin dieten zenbait familiatan aldaketak izan dira eta aurten ezin zuten gaztetxorik etxean hartu. Hiru familik ordea bai eta dagoeneko etxekotzat dituzten gaztetxoak asteartean iritsiko dira.14 urteko bi neska eta mutil bat dira aurten Ukraniatik gurera itzuliko direnak. Hirurek urteak baitaramatzate udako hilabeteak Oñatin pasatzen.

  Gaztetxo hauek koxkortzen ari dira eta ikasketa arazoak izan dituzte lehenago bidaiatu ahal izateko. Adin horretan, azterketa garrantzitsuak izan ohi dituzte uztaila hasieran Ukranian eta ondorioz, bi aukera aztertu ziren: aurten ez etorri edo bidaia atzeratzea. Gazteek eta harrera familiek hala eskatuta, Euskal Herrirako bidaia atzeratzea erabaki du Banoia Txernobilekin taldeak. Etorri beranduago etorriko dira eta joan ere, ohikoa baino astebete beranduago itzuliko dira, abuztuaren 29ra arte Oñatin egongo baitira. Aurreko urteetan baino egonaldi laburragoa izango dute aurten baina seguru ondo aprobetxatuko dutela. Txernobilgo istripu nuklearrak kaltetutako inguruan bizi diren neska mutil hauek Euskal Herrian egiten dituzten asteetan zehar eguzkiaren onurez gozatu eta kutsatu gabeko elikadura jango dute. Horrek, hurrengo hilabeteak osasuntsu pasatzeko indarra ematen die.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!