Ugarkaldeko jolas parke estalia erabilgarri dago asteburutik

2021/03/16
Card image cap
Polimero gardenaz estali da haur parkearen zati nagusia

  Partaidetzazko aurrekontuak 2019-2020 egitasmoaren baitan bigarren proiektu bozkatuena izan zen Ugarkaldeko jolas parkea estaltzearena. Parkearen ezaugarriei eta inguruari begiratuta, bereziki zaindu den lana izan dela azaldu dute Izaro Elorza alkateak eta Anik Zubizarreta Partaidetza batzordeburuak Ugarkaldera egindako bisitan. Bi hilabetez luzatu diren lanak asteburuan amaitu ziren, euririk sartzen ez zela ziurtatu ondoren. Ostiralean zabaldu zen haur eta nagusien gozamenerako.

  Estalkiaren egitura eratzeko altzairuzko hodiak erabili dira, arku formako sigi-saga eratuz. Materiala berriz ETFE motako polimero gardena da. Estalkiak 170 metro karratu hartzen ditu, eta egitura osoa kontuan hartuta, 230 metro karratuko eraikuntza da. Altuera aldakorra du, 4,40 metro eta 6,45 metro. Ugarkaldeko jolas eremuaren zati nagusia estali da baina fisikoki berezita dagoen txirrista handia estalkitik kanpo utzi da. Estalkia jartzeko lana Carpas Zaragoza S.L enpresak egin du 149.400 eurotan. 

  Ugarkaldeko parkeko estalkia gardena den arren 12 LED foku jarri dira. Oraingoz kale argiteriarekin batera piztu eta itzaltzen dira baina etorkizunean saretik berezitu eta gauez itzaltzea aurreikusten da.

  Ugarkaldekoa herriko bigarren jolas parke estalia da, Kalegoienakoaren ondoren. Aurten ez da beste estaltze lanik aurreikusten baina bai haurren parkeak hobetzen jarraitzea; San Martingo parkeko elementu bat aldatu eta jolasgunea osatzeko 15.000 euroko partida dago aurrekontuetan. Gainera, herriko jolas parkeen urteroko mantentze lanetarako beste 30.000 euro daude.

Iturria: Oñati Irrati

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!