Udan larrialdiko zaintza zerbitzua eskaini asmo du Udalak, beharra duten familiei zuzenduta

2020/05/19
Card image cap
Zerbitzu honetan begirale gisa aritzeko izen-ematea zabaldu da gaurtik maiatzaren 26ra arte

  Aurten ez da ohiko uda kirol kanpaina, arte udalekuak edo udaleku irekirik egingo gurean, baina kontziliazio arazoak dituzten familiei zuzenduta, larrialdiko zaintza zerbitzu berezia eskaini asmo du Udalak. Haurrak zeinekin utzi ez duten familiei zuzendutako zerbitzu berezia izango da, printzipioz uztailean beteko litzatekeena, baina zein egun eta ordutegitan, zehazteko dagoena oraindik.

  Udako larrialdiko zaintza zerbitzu hau eskaintzeko begiraleak beharko dira eta horien hautaketa prozesua abian jartzea erabaki da. Gaur hasi eta astebeteko epean, maiatzaren 26ra arte, larrialdiko zaintzarako begirale izan nahi duten guztiek izena eman behar dute. Oinarrizko baldintza batzuk bete beharko dira: lan-kontratua egiteko unean 16 urte beteta izatea, DBH tituluaren jabe izatea, funtzioak behar bezala betetzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Kontratazio unean ezin izango da beste lan kontraturik izan.

  Oinarrizko baldintzak betetzen dituen oro aurkeztu daiteke aldi baterako begirale izateko deialdira. Eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar dira. HAZ bulegoa astelehenetik ostiralera 7:30tatik 15:30tara irekitzen da baina joan aurretik txanda hartu behar da 010 doako telefonora deituta. Begirale hautaketa prozesura aurkezteko eskaera orria udaleko web atarian eskuragarri dago. Horrezaz gain, nortasun agiriaren fotokopia, DBHko titulua, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiria eta lehiaketa fasean puntuagarri izango diren merituen egiaztagiriak aurkeztu behar dira. HAZ bulegora doazenei BaKQ egiaztagiri digitala egingo zaie, agiriren ahaztu ezkero, bide digital horretatik aurkeztu dezaten bulegora berriro itzuli beharrik gabe.

  Meritoen atalean bereziki baloratuko dira: aisialdiko begirale titulua izatea, edo alde teorikoa osatuta izatea; hezkuntzarekin erlazionatutako ikasketak izatea; euskarari dagokionean 3. edo 4. Hizkuntza Eskakizunaren maila agiri bide egiaztatzea; oñatiarra izatea; udaleku irekietan, arte udalekuetan edo udako kirol jardueretan, edo Oñatin antolatutako aisialdiko ekitaldietan begirale gisa aritu izana eta sorospen mailan prestakuntza izatea. Horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dira.

  Arte udalekuak eta udaleku irekietan begirale izateko martxoan ireki ziren hautaketa prozesuak bertan behera utzi dira. Orduan eskaera aurkeztu zutenek, eta oraingo larrialdiko zaintza zerbitzuan aritu nahi dutenek, berriro bete behar dute eskaera orria baina ziurtagiriak presentatu zituztela adierazita ez dute kopia berririk eraman beharko.

  Begirale izateko izen-emate epea maiatzaren 26an amaituko da. Hautatzen diren lagunek prestaketa saioetara joan beharko dute baina horiek noiz egingo diren zehazteke dago oraindik. Kontratatzen ez diren hautagaiekin erreserba zerrenda bat osatuko da, norbaitek uko edo baja ematen badu hutsunea betetzeko.

  Laster zerbitzu berezi honetaz baliatu nahi duten familiei zuzenduta izen-emate epe berria zabalduko da. Izan ere, udako larrialdiko zaintza zerbitzua kontziliazio edo antzeko arazoak dituzten familiei zuzenduko baitzaie, eta halako egoeran daudela egiaztatu beharko baitute. Guraso bakarreko familiek, gaixo larriren bat dutenek edo guraso biak lanean egon behar direnek lehentasuna izango dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!