Udaltzaingoak kanposantu inguruko zaintza lana areagotu du.

2013/10/31
Autoak itxi eta poltsak eta baliozko gauzak ibilgailuetan ez uzteko gomendatzen kartelak jarri dituzte. Iaz, hainbat lapurreta salatu ziren.

  Oraindik ez da lapurreta salaketarik jaso, baina aurreko urteetako esperientziak adi jarri ditu udaltzainak.

  Jakina da Domu Santu eguna tarteko, asko direla jada, hilerrira joan-etorrian dabiltzan herritarrak eta are eta gehiago izango dira Domu Santu eguna hurbiltzen doan heinean harako bixita egingo dutenak. Asko, aurrez, hilobiak txukuntzera edo loreak eramatera joaten baitira. Hauei bereziki poltsak zaindu ditzatela aholkatzen zaie udaltzaingotik. Halakoak sarritan, minutu gutxitako kontuak izaten dira eta sartu-irtena azkar egingo denaren konfiantzan, poltsak autoan eta begi bistan uzten dira. Gertatu ohi da gainera, kargatuta joatean, autoa giltzaz itxi gabe uzten dela. Lapurrek, ez dute denbora askorik behar izaten autoak ireki eta poltsak eramateko. Eta itxita  uzten direnetan ere, leihatila apurtu eta begi bistan dagoen baliozko zamarra edo objektua harrapatu eta ihes egiteko.

  Urtero udaltzaingoan halako lapurretak salatu ohi dira eta horretxegatik, arretaz ibiltzeko gomendioa eman da. Poltsak hartu, autoak itxi eta ibilgailuan baliozko ezer ez uzteko gomendatzen dute udaltzainek. Oinarrizko babes neurri horiek beti hartzeko aholkatzen digute, nahiz eta hilerrira minutu gutxi batzuetarako sartzeko asmoa izan. Eta hilerrian bertan ere kontuz ibiltzea eskatzen dute, etxekoen hilobia txukuntzen gabiltzala, poltsa, inguruan baina zainketarik gabe uzten bada, bueltan, akaso ez baita aurkituko.

  Udaltzainek, arreta jartzeko gomendio txartelak jarri dituzte kanposanturako atarian eta aparkalekuan. Gainera, inguruko zaintza areagotu dute eta udaltzainen autoa, sarri-sarri dabil kanposantura bueltaka.

  Orain arte, esan bezala, ez da inguruan lapurreta egin diotenaren salaketarik jaso. Baina badaezpada, abisua aurrez ematea erabaki da.

Iturria: Oñati irratia