"Udalgintza eraldatzailea, herri eta komunitateak indartzeko bidea" izeneko jardunaldia osatuko du KoopFabrikak bihar hasita

2020/12/10
Card image cap
Arantzazun egitekoa zen baina on-line formatura egokitu behar izan dute

  KoopFabrikaren babesean, OlatuKoop, Mondragon unibertsitateko LANKI kooperatibismoaren ikertegiak eta Euskal Herriko unibertsitateko GEZKIk antolatuta egingo diren jardunaldi hauetan, Oñatiko udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzaile dira. Udalgintza eraldatzailea gaiaren inguruko jardunaldia Arantzazuko Gandiaga topagunean egitekoa zen, egun osoko jardun trinko gisa, baina egungo osasun egoerak eta bereziki herrien arteko mugikortasuna mugatzeko neurriek eraginda, on-line formatura egokitu dute eta hiru egunetan burutuko da, bihar eta urtarrilaren 15 eta 29an, 10:00tatik 12:00tara.

  Jardunaldien hasiera bihar izango da Izaro Elorza alkateak egindo duen aurkezpenarekin. Ondoren, udalgintza eraldatzailea lurraldetan garatzeko gakoak aztertuko dira. Sortuko herrigintza arduradun Pello Otxandianok, REDINAM sareko ikerlari Isa Alvarezek eta Orkestra lehiakortasunerako euskal institutuko ikerlari Miren Larreak berba egingo dute, Arianne Kareaga moderatzaile izango delarik.

  Urtarrilaren 15ean, tokiko ekosistema eraldatzaileak lantzeko tresnak eta esperientziak aztertuko dira eta Zumaiako telekomunikazio sare publiko-komunitario-kooperatiboa eta Nafarroako Pirinio aldeko herri eta eskualdeen kasua ezagutuko dira. Urtarrilaren 29an azkenik, lurralde garapen eta kohesiorako udalgintza sareak sortzearen garrantzia landuko da. Kataluiniako hainbat gonbidatu egongo dira ekonomia sozial eta solidariorako udalen sare edo elkarteaz argibideak ematen. Udalbiltza eta OlatuKoop sarearen kasuak ere aztertuko dira, besteak beste.

  Online formatuan egingo diren jardunaldi hauetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago oraindik.

  KoopFabrika, ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa da eta lankidetzan sortutakoa, izaera anitzeko eragileak saretzen dituelarik, tartean, Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, REAS Euskadi sarea edota Debagoienako garapen agentzia. Eta Gipuzkoa zein Bizkaiko Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!