Udaletxeko teilatua eraberritzeko lanak martxan dira.

2012/06/18

  Atzeko kaleko fatxadan aldamioak jartzen hasi dira eta beste horrenbeste egingo da alhondiga eta kale barriko fatxadetan. Ugarte enpresak egingo dituen lanok hilabetean amaituko dira.

  Iragarri bezala, gaur goizean bertan hasi dira udaletxea inguratuz aldamioak muntatzen. Printzipioz, halakoak hiru fatxadatan jarriko dira. Ahal dela, plazako alde nagusia libre utziko dute, baina beste hiru aldeetan, teilaturainoko aldamioak muntatuko dituzte.

  Lan hauek ez dute ordea, aparteko arazorik sortuko joan etorrian. Atzeko kale eta kale barriako oinezkoen bideak pitin bat estutuko dira baina pasatzeko arazorik ez da izango. Alhondegi aldekoan ere aldamioiak espaloiaren zabalera hartzen duenez, trafikoan ez du eragingo. Udaletxera doazen herritarrek ere, ohiko bulego atea erabili ahal izango dute. Asmoa, horixe izan baita, herritarrei ahalik eta eragozpen txikiena sortzea. Horretxegatik, pasa den apiriletik onartu eta esleituta zeuden lanok, Korpus jaixak amaitu arte atzeratu dira. Baina gehiago atzeratzerik ez zegoen, udaletxeko teilatuak eraberritzeko premia larria baitu, itoginak ditu eta apurtutako erreten eta teila ugari ere bai.

  Lanak egiteko hilabeteko epea zehaztu da. Gaur martxan jarri diren lanok, beraz, uztaileko 3. astebururako edo amaituko dira. Ugarte eraikuntza enpresak egingo ditu, eta ia 59 mila euroko aurrekontua dute.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!