Udaletxeko Herritarren Arretarako Zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuak bulegoak itxita daude

2020/03/16
Card image cap
Administrazioarekiko tramite guztiak etenda geratu dira, egoera normaldu arte

  Covid-19 birusaren kutsatze arriskuari aurre egiteko udalak hartu duen azken neurria da. Udaletxeko HAZ bulegoa eta Bidebarrieta kaleko Gizarte Zerbitzuak bulegoak itxita daude eta bertan behera utzi dira aurrez aurreko arreta zerbitzuak. Dena den, telefono bidezko kontsultak egiten ari dira. HAZ bulegoko telefonoa: 010 (doakoa, Oñatitik deitzen dutenentzat) edo 943 780 411 eta Gizarte zerbitzuak:  943 037 700

  Ostiralean jada, udal eraikin eta zerbitzu gehienak bertan behera geratu ziren eta HAZ eta Gizarte Zerbitzuak zabalik mantenduko zirela iragarri genizuen, baina goizean jada, horiek ere ixtea erabaki du udal gobernu taldeak, erabiltzaileen eta langileen osasuna bermatze aldera. Bulegoak itxita daude baina langileak lanean ari dira, horregatik, telefono bidezko hartu-emana posible da eta beharra dutenei horretara jotzeko gomendioa egiten da.

  Indarrean den alarma egoerak bestalde, automatikoki eten ditu administrazioarekiko tramite guztiak, alegia, dirulaguntza eskaera, izen-emate eta gainontzeko tramite guztiak. Une honetan etenda daude kirol taldeei eta ez ohiko kirol ekintzetarako, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren alde diharduten elkarteentzako edota Haur eta Gazteria Departamenduak kudeatzen dituen programaren kontura emango diren dirulaguntzetarako eskaera epeak. Gauza bera gertatzen da udaleku irekietan eta arte udalekuetan parte hartzeko neska-mutilen izen-ematea eta begirale izan nahi dutenen izen-emateekin eta indarrean zeuden beste udal deialdiekin ere. Epe guztiak etenda daude, egoera normaldu bitartean.

  Herriko enpresetan ere Koronabirusari aurre egiteko neurriak hartzen ari dira, ordutegiak moldatu eta lan jardun jarraiak jarriz, jangelak erabili ez daitezen, adibidez. Herriko lantoki batean jangela itxi dutela ere jakin dugu. Beste batzuetan berriz, etxetik lan egitea ahalbideratzeko neurriak jartzea aztertzen eta negoziatzen ari dira, langileen osasuna eta lana, ahalik eta egokien uztartzeko. Laboral kutxak esaterako, on-line bidezko zerbitzuak eta kutxazainak erabiltzeko eskaera egin die bezeroei eta bulegora joan behar dutenei, hitzordua aldez aurretik eskatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!